2014(e)ko maiatzaren 15(a), osteguna

Zahartzea eta elikadura: beti mokoka

70 urtetik gorakoen energia %30ean gutxitzen da (Burgués, s.d.), altuerarekin eta pisuarekin batera. Gainera, duten kaltzio kontzentrazioak %40ko galera ikus dezake, hezurrek izan ditzaketen apurtzeko eta eraldatzeko aukerak asko haziz. Horretaz gain, grasa giharren kaltetan ugaritzen da eta ondorioz indarra eta malgutasuna galduz goaz, erortzeko arriskua ugarituz doan bitartean.
Burdina ere beheruntz doa eta anemiaz gain hemoglobinek izugarri egiten dute behera.

Adinarekin ere liseriketa egiteko gaitasuna behera doa, baina ez hori bakarrik, baita jatean ditugun sentimenak eta plazerra ere.
Izan ere, adinekoen artean elikadurarekin lotura duten gaitz franko azaltzen dira, hala nola, obesitatea (bai sagar itxura duen androidea, bai txermena formako ginoidea), diabeteak, hipertentsio arteriala, hiperkolesterolemia, pisu gutxiegi eta hesteetako eraldaketa.

Osasunak ezintasunak gutxitzearekin harreman estua du eta hau honela, zahartzaro osasuntsuak garrantzia handia du (Álvarez, Burgos eta Planas, 2011). Zahartzaro osasuntsuak bere baitan hainbat atal eta helburu izango lituzke, baina jo dezagun elikadurara, hau baita gaurko gaia.


Adinarekin, liseriketa eta elikadura txartzen hasten da, eta horren atzean hainbat arrazoi daude. Esaterako, hainbat eragin tarteko (enpresa handiak, kultura aldaketa, informazio falta,...) aurreiritziak eta jateko ohitura txarrak errotzen ari dira gizartearengan. Arrazoi pertsonalak ere badaude, adibidez, mukosa intestinalaren beherakada eta honenbestez, xurgatzeko zailtasun handiagoak, hortzeria ezegokia, xerostomia (ahoa lehortzea), anorexia plurifaktoriala, egoera sozioekonomiko behartsua eta galera kognitiboa.
Gainera, desnutrizioak kalte asko sortzen ditu, adibidez, inmuno sistemaren beherakada, giharren eta indarraren gainbehera, gaixotasun destruktibo kronikoen agerpena, masa kardiakoa gutxitzea, minbizien agerpena, ultzerak ugaritzea eta abar luze bat.
Zahartzaroan gertatzen diren aldaketa fisiko horiek eguneroko otorduetan ere badute bere eragina. Aldaketa horiek gainbehera fisikoarekin datoz bat, izan ere, giltzurrunen lana gutxitzen da, gorputz osaketa aldatu egiten da, hezurdura gutxi, eta baita uraren kontzentrazioa ere (UNED, s.d.). Hori gutxi balitz, zentzumenen gainbehera jazotzen da, gosearena eta egarriarena, hain zuzen ere. Gainera, hortzeriaren gainbeherak eta xurgatzeko gaitasuna galtzen hasteak ez du soberan laguntzen.

Beste aldaketa batzuk ere ikusi ditzakegu adinekoen artean, inondik inora ere beraien elikadura eta ohituretan zeharo erabakigarriak: aldaketa metabolikoak (glukosa ezin mugitu, energia gutxiago,…), gaitasun kardiobaskularra behera doa, muskulu eskeletikoak ere halatsu, neuronen funtzionamenduak okerrera jotzen du, sistema inmunologikoa ez dabil hain fin eta mekanismo psikosozialek gabeziak dituzte.

Hori dela eta, inoiz baino gehiago nutrienteen beharra dugu. Hau honela, energia lortzeko 1800 eta 2300 kcal artean eskuratu beharko genituzke egunero, baita karbohidrato eta proteina asko ahoratu ere; azido graso monosaturatuek (oliba olioa eta begetala) gure jakien %30a izan beharko lukete; mineralen artean Kaltzioa, Burdina, Fosforoa, Zinka, Sodioa, Magnesioa, Potasioa (hipertentsiorako) eta Selenioa hartu beharko ditugu; mineralen artean, berriz, A, B, C eta D bitaminak, ur asko edan beharko litzateke eta bukatzeko, gorputzerat ondo joan dadin urez lagunduko dugun zuntza.

Aldaketa hauei aurre egiteko ezinbestekoa izango da dieta on bat antolatu eta mahai gaineratzea. Dieta on honen ezaugarriak honako hauek lirateke: erraza, erakargarria, 4 edo 5 jatordu egunean (azkena oso arina izango delarik), likidoak eta zukuak bakarrik edota batera hartzea, kafea eta kitzikagarriak gutxitzea, baita likore eta abarrak ere, jatea ekintza soziala bihurtzea eta ohiturak eta zaletasunak mantentzea.




Bibliografia

BURGUÉS, A. L’alimentació en la gent gran [linean]: Materials didàctics del Pla director de formació. [Bartzelona]: Col·lecció eines 5, Generalitat de Catalunya Departament d’Acció Social i Ciutadania. (s.d.) [Kontsulta: 2012-05-12].
http://www20.gencat.cat/docs/dasc/01Departament/08Publicacions/Coleccions/Eines/Num_5/Alimentaci%C3%B3%20gg%20EINES%205.pdf

Álvarez, J; Burgos, R eta Planas M. Consenso multidisciplinar sobre el abordaje a la desnutrición alimentaria hospitalaria. [Bartzelona]: Sociedad Española de Nutrición Parenteral y Enteral (SENPE), 2011. [Kontsulta: 2012-05-12].
http://www.senpe.com/IMS/publicaciones/consenso/SENPE_Consenso_Multidisciplinar_Abordaje_Desnutricion_ESP.pdf

UNED. Alimentación durante la tercera edad [linean]. [Madrid]: UNED, Guía de Alimentación y Salud, s.d.. [Kontsulta: 2012-05-12].
http://www.uned.es/pea-nutricion-y-dietetica-I/guia/etapas/tercera_edad/index.htm

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina