2014(e)ko maiatzaren 8(a), osteguna

Botiken eragina erorketetan

Edadetuek botikekin duten harremana gorabeheratsua izaten da, eta ez da beti soberan ona izaten, izan ere, askok medikuen jarraibideak zehatz-mehatz ez jarraitzeko ohitura dute, gure esperientziaren arabera, behintzat.
Gainera, eta gure hitzaldietan askotan aipatzen dugun bezala, kasu askotan erorketekin dute zerikusia botikek, horien efektu sekundarioak direla eta. Hain juxtu, gure programako ikasleei, hasi baino lehen, beraien erortzeko arriskua zein den jakiteko Downton eskala pasatzen diegu, eta horko item bat botiken kontsumoaren ingurukoa da.

Goazen, baina, pixkanaka pixkanaka errealitate hau hobeto ulertzera Profane Erorketak Ekiditeko Sare Europarrak kaleratutako zenbait artikulurekin.

Castel adituak zuzentzen zuen ikerketa batean, laginaren parte ziren edadetuek hartzen zituzten botiken %78,5a berrikusi zen, ondorenera sendagileek 41 aldatzeko gomendio egin zituztelarik. Horietatik 10 burutu ziren bakarrik, hau da, %24,4a soilik. Honek botikarien eta medikuen arteko harremana aldatu behar dela ikusarazten digu, ikerketa honetan bien artean egin ziren 31 harremanetatik 14k erantzun baitzuten (%45a) eta 10ek soilik egin baitzuten aldaketaren bat, hau da, herena (Skelton, 2012c).
Horrek esan nahi du jende askok komeni ez zaizkion botikak hartzen dituela eta sendagileen eta botikarien partetik erantzukizuna egon badagoela.


Bestalde, bi mutur ikusi ditzakegu medikamentuekin izaten den jarrerarekin: alde batetik gain-medikatzen direnak ditugu, eta bestetik, esandakoa hartzen ez dutenak. Bada, azken hauek ere ez dute pozteko arrazoi gehiegi, hauek bataz beste 1,1 erorketa izaten baitituzte urtero, botikak hartzen dituztenek 0,7ko batazbestekoa dutelarik soilik (Skelton, 2012c). Ondorioak zeuek atera.

Polifarmazia lau edo botika gehiago hartzean datza eta zalantza izpirik gabe, bere kalteak sortzen ditu, tartean, erorikoak. Hau honela, hainbat erorketek ondorioztatu dute botikak ondo aztertzeak eta ahal den neurrian hobera aldatzeak erorketak murrizten dituela. Halaber, gaixotasun askok baino eragin handiago dute botika askok erortzerako orduan. (Skelton, 2012b)
Finlandiako ikerketa batek, medikamentuen arriskuak aztergai zituen batek, alegia, polifarmazia 75 urtetik gorakoen artean heriotzaren neurgarria izan zitekeela ondorioztatu zuen (Skelton, 2012b).


Itzul gaitezen, bada, berriro ere erorketen esparrura. Zein medikamenduk dakartzate erorketak? Bada, adi egon zeren ondorengo hauek dira: antidepresiboak, terapia hasi eta berehala psikotropikoak, antikolinergikoak eta sedagarriak dira arriskutsuenak (Skelton, 2012b).
Horretaz gain, lotarako den benzodiapezina, antipsikotikoak, hasieran hipertentsiboak eta Parkinson gaitzareen aurkakoak, antsietatearen aurkakoak eta hipnotikoak eta dementziaren aurkakoak ere erortzeko arriskua areagotzen dute.
Hori gutxi balitz, botika hauek denek insomnia eta dependentzia sortzen dute (Skelton, 2012b), beraz, kontuz!

Halaber, emakume postmenopausikoen egoera ez da xamurra, izan ere, beraiek dira oro har erorketa gehien dituzten pertsona-taldea, eta gainera, antiepileptikoak beraiengan duten erortzeko eragina handiagoa da (Skelton, 2012b).

Botika hipertentsiboei dagokionez eta aditu berdinaren arabera, 25 eta 60 urte bitartekoentzat hauek hartzea, grasa jaisteko botikez gain, erabakigarria izango da gerora erortzerako orduan, hainbat ikerketek dioten bezalaxe

Bukatzeko, psikotropikoen kopurua eta erorketa kopurua oso lotuta omen daude, eta botika psikotropikoetan egin den eskuhartzeak erorketak %66an murriztu ditzakeela ikusi da (Skelton, 2012b).

Esteka batzuk jarriko dizkizuegu botiken erabilera tentuz egiteko eta gaia hobeto ulertzeko eta horrela emango diogu amaiera sarrera honi. Esteka hauek Dawn Skelton adituak (2012a) eskaini dizkigu berak zuzentzen duen Profane sarearen bitartez.

  • https://www.dcri.org/trial-participation/the-beers-list
  • http://www.medscape.com/viewarticle/762687_4
  • http://www.nhs.uk/Conditions/Falls/Pages/MapofMedicinepage.aspx
  • http://www.fallpreventiontaskforce.org/falls_medication.htm
  • http://well.blogs.nytimes.com/2008/07/10/a-list-of-drugs-that-increase-falling-risk/?_php=true&_type=blogs&_r=0



Bibliografía


SKELTON, D Online resources on medications, older people and falls prevention? [linean]. Profane, 2012ko (a) martxoaren 20a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2012/03/20/online-resources-on-medications-older-people-and-falls-prevention/

SKELTON, D Key publications research on medications, polipharmacy and falls prevention [linean]. Profane, 2012ko (b) martxoaren 20a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2012/03/20/key-publications-research-on-medications-polypharmacy-and-falls-prevention/


SKELTON, D Medications and falls prevention interventions in practice [linean]. Profane, 2012ko (c) martxoaren 20a. [Kontsulta: 2012-09-08].

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina