2014(e)ko maiatzaren 8(a), osteguna

Tristurak lurrera botatzen gaitu

Erorketetan eragiten duen beste faktore garrantzitsu bat bakardadea eta depresioa dira, adin nagusikoen artean gaitz nagusienetakoa dena, hain zuzen ere. Adibide bat jartzearren, AEBtan nagusien %20tik 40ra izan dezakete depresioa, bi zenbakien artean dagoen ezberdintasuna gaitz hori ezkutatzeko dagoen joerari dagokiolarik (Bulut, 2009).
Adinean zehar aldatu egiten da depresioaren eragina: 40 urte bete arte kasu kopurua igo egiten da eta urte batzuetan beherakada bat izan ondoren, 80 urtetik aurrera depresioak jota dauden pertsonak asko ugaritzen dira.

Ondo pasatzeko eta aisialdirako interesa galtzea litzateke depresioa, beste hainbat ezaugarrirekin batera: jateko gogo gutxi, insomnia, energiaren beherakada, nekea, psikomotrizitatearen gorabeherak, kontzentratzeko ahalmenetan galera, errudun sentimendua areagotzea, pentsatzeko abilezia galtzea, buruaz beste egiteko pentsamenduak izatea, eta abar luze bat.


Kausak, berriz, hamaika izan daitezke. Hala nola, inguruko norbaiten heriotza, fisikoki pattaltzea, helburu eta motibazioek behera egitea, independentzia galduz joatea eta desorden genetikoa (Bulut, 2009).

Depresioa elikadurarekin lotuta doala ez da hain ezaguna, baina harrituko ginateke jakitean depresioa duten %67-88a ez dela ondo elikatzen. Halaber, pisuaren gorabeherak gaitz honekin lotura du, adibidez, gazteen obesitateak eta adinekoen pisu galtze azkarregiak. Hau honela, adinekoren baten nahigabeak 6 hilabetetan pisuaren %10a galtzea dakar, elikadura txarra ere tarteko dela. Gainera, ez zara zertan goibel egon behar depresioa pairatzeko, elikadura eskasak depresio estadio horretara eraman baitzaitzake.

Elikadura ezegokia duten horiek nortzuk diren jakin nahi izatekotan, ikusiko dugu egoera sozioekonomiko kaskarra izateak, etxean bakarrik bizitzeak, alarguntzeak eta ezintasun fisikoek edo psikologikoek eragin izugarria dutela (Bulut, 2009).

Depresioarekin jarraituz, oso abiadura motelean doan gaixotasuna da, aurkitzeko zaila izateaz gain (askok eta askok, gainera, ez dute haien gaitzari buruz ezer esaten, eta beste hainbatek zahartzaroaren ezaugarrietako bat dela uste dute), beste gaixotasun batzuk haren sintomak ezkutatzen baitituzte. Berriro AEBtako adibidera itzuliz, 6 milioi depresio kasuetatik milioi bakarra antzematen da, datu kezkagarria, inondik inora ere. Baina are kezkagarriagoa da heriotzan duen eragina, %59ra igotzen baitu arriskua, gehienak bere buruaz beste eginez hiltzen direlarik (Bulut, 2009).

Gaixotasun honi garaiz aurre egiteak eta eskuhartze egoki batek izugarrizko garrantzia dute, baita faktoreak ondo aztertzeak ere. Faktore hauek sozialak (jatea ekintzaren esanahi kulturala, jateko giro egokia, garraioa, arraza, etnia, herri txikietan bizitzea, ekimen eskasa,…), fisikoak (adina, gaixotasunak, gaitasun ugariren beherakada, hortzeria txartuz joatea, energiaren beherakada, B-Konplexaren, B-2aren eta B-12aren beherakada, eguneroko ekintzak burutzeko gai ez izatea, alkoholismoa –kasuen %10a-…) eta psikologikoak (galdera existentzialak egitea, bakarrik bizitzea, bisita gutxi izatea, ohiturak aldatzeko zailtasuna, aukeratzeko abagunerik ez izatea,…) dira.


Laburbilduz, beste arrazoi bat gehiago dugu eskuartean osasun mentalaren garrantziaz jabetzeko: erorketak eta norbere os(ot)asuna.

Bibliografia


BULUT, Sefa. Late life depression: a literature review of late-life depression and contributing factors. Anales de Psicología, 2009, 25. bolumena, 1. zenbakia. zenbakia, 21-26 orr.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina