2014(e)ko maiatzaren 9(a), ostirala

Nola jorratu erorketak esparru instituzionalean?

Honako sarrera honetan, erorketak beste ikuspuntu batetik aztertuko ditugu, hain zuzen ere, erizaintzaren edo zainketen ikuspuntutik. Izan ere, ba al dakite erizain, sendagile eta laguntzaileek zer egin behar den erorketen aurrean?

Horren harira, ospitale eta erresidentzietako langileekin egindako ikerketen ondorioz, jakin da langileak ere erorikoenganako kezka dutela (Williams & Scudds, 2008). Halaber, jakin badakite saihesgarriak direla, nahiz eta zehazki jakin ez. Honen aurrean, argi dago beraiekin ere lana egin beharra dagoela.

Zaintza programetako langileek duten ardura handia da, handiegia batzutan, behintzat ikerketa batzuek esandakoa ondo aztertzen badugu. Izan ere, horietako %49k uste du erorketak saihestezinak direla (Australian Goverment, 2005). Beste galdera bati erantzunez, %51ak ariketa batzuk baztertzen zituen adinekoekin pentsatuz ez zirela gai izango.
Bi erantzun hauek gure buruan eduki behar ditugun bi akuilurekin egiten dute talka: erorketak saihestezinak dira eta haien ezaugarrietara egokitutako egoera fisikoa edonork egin dezake, askotan hobekuntza nabaria delarik beraien osasunean.


Noski, galdera hauen erantzunak ulergarriagoak dira ikustean Australian egin zen ikerketa honetan parte hartu zuten zaintzaileen%45ak entrenamendurik ez zuela. Dena den, %80k saihestu zitezkeela pentsatzea eta %90ak saiheste hori beraien esku ere bazegoela esatea pozgarria izan zen.

Aurreko sarreretan erorketak modu orokorrean aztertu ditugu, baina oraingoan, ikerketa baten laguntzarekin (Cardoso, s.d.) langileentzat baliagarriak diren datu gehiago azalduko ditugu.
Aldez aurretik esandakoaz gain, zergatik erortzen gara ba? Faktoreak hamaika diren arren, lau azpimultzotan banatu ditzakegu arrazoi horiek: beheko gorputz-adarren indar eskasa (ahul ibiltzen gara eta egoera jakin batzuei aurre egiteko zailtasun handiak ditugu, esaterako, nekatuta edo pisuarekin ibili, eskailerak igo,…), koordinazioa (kalean ez gabiltza soilik ibiltzen, inguruari begira gaude, kontuz, hitz egiten, autoei adi eta beste hainbat ekintza aldi berean), oreka (ondo egonda ere, askotan oreka galtzen dugu segundu batean, gure berregokitzeko gaitasuna funtsezkoa izango da erortzeko edo ez) eta ibileraren simetria, postura eta arintasuna.

Ikerketa beraren arabera, gure orekan eta erortzeko arriskuan postura mantentzeko gaitasuna erabakigarria izango da, eguneroko gauzak egiteko ahalmena baitakar nola edo hala.
Hemen sartzen da langileen ardura, eta eguneroko ekintzak egin ahal izate hori bermatzea izan beharko litzateke haien helburua

Bestalde, osasunerako askok azkar ibiltzearen garrantzia aipatzen dute, eta arrazoia dute, izan ere, minbiziak ekiditen ditu, gehiegizko pisua saihesten du, sistema inmunologikoa aktibatzen du, oroimena berpizten du, diabetesa murrizten du, hezurrak eta bihotza indartzen ditu, bizi-itxaropena handitzen du, kolesterola gutxitu,… Hemen bi egunez jardun gaitezke zerrenda luze hau egiten, baina ez gabiltza horren inguruan hitz egiten. Informazio gehiago nahi izanezkotan eskatu blog honi Ibiltzerari buruzko Power Pointa.

Esan dugu, bada, azkar ibiltzea ona dela, baina askotan gure pausoak dituen oreka eta mugikortasun gabeziak estaltzen ditu, beraz, garrantzitsua da azterketa bat egiterako orduan motel ibiltzea. Horretaz gain, norberaren erritmoa errespetatzea garrantzitsua den moduan, norbera bere ibilera abiaduran mugitzea ere komenigarria da (Cardoso, s.d.).
Bestalde, agure baten inguruko pertsonek azkar asko nabaritzen dute norbaiten gainbehera, eta zer esanik ez, erietxe edo erresidentzietako langileek. Bada, aipatzen ari garen ahulezia fisikoa sindrome klinikoa izan daiteke, eta bere sintomak honako hauek dira: nahi gabe pisua galtzea, nekatuta gaudela aipatzea behin eta berriro, ahulezia fisikoa bera, motel ibiltzea eta ariketa fisikoaren maila jaistea (Cardoso, s.d.).

Kontutan hartuta erresidentzietan eta erietxeetan daudenen bakardadea eta kitzikapen kognitibo eskasa, ariketa fisikoak dituen onura psikologikoak aipatzeko modukoak dira, esaten baita mugitzerakoan adimena ere martxan jartzen dugula. Bada, frogatua dago entrenamenduetan erabiltzen den alor eta lan kognitiboa burmuinaren beste ekintza batzuetara transferitzen dela. (Cardoso, s.d.).
Indarra, ordea, ez da inora mugitzen berriro erabilia izateko. Baina jakina, hanketan indarrik izan gabe ez goaz inora!

Laburbilduz, azpiko grafikoan ikus liteke erorketak ekiditeko beharrezkoak diren hiru makuluak, ingresatutako pertsonengan, bederen. Hau honela, gure eskuhartzea errazagoa izan liteke, bai erietxeetan, bai erresidentzietan, bai edonon, artikulu honetan esandakoa kontutan hartzen badugu






Iturria: Australian Government, 2005

 

 

 

Bibliografia


AUSTRALIAN GOVERNMENT: The National Slips and Falls Prevention Project [linean]: slips and falls learning resource. [Camberra]: Australian Government, Deparment of Health and Ageing, 2005. [Kontsulta: 2012-05-12] http://www.health.gov.au/internet/main/publishing.nsf/Content/8F331513D9F8A95BCA257553007FF335/$File/slips-and-falls-prev.pdf

CARDOSO, A. Las caídas en el anciano desde el punto de vista médico
[linean]. [Salamanca]: Universidad de Salamanca, s.d.. [Kontsulta: 2012-05-08]. http://web.usal.es/~acardoso/guias/Caidas_M_E_F.pdf

Williams J, Scudds R. “A qualitative investigation of injurious falls in long-term care: perspectives of staff members”. Disability and rehabilitation. 2008. 33. zenbakia. 423-432 orr.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina