2014(e)ko maiatzaren 8(a), osteguna

Erorketak Ekiditeko Programak: ideia errealitatea bihurtzen


Honezkero buruz jakingo duzuenez, 64 urtetik gorakoen %25-33ra erortzen da urtean zehar (behin, gutxienez), 80 urtetik gorakoen erdia erortzen delarik. %5-10ak lesio larriak izan ohi ditu eta ospitaleratzeen %7,5a erorketen ondorioz izaten da (DUASO, CASAS, et al. 2011).

Hau ikusita, normala da egoera honi aurre egiteko asmoa izatea, eta aukeretako bat erorketak ekiditeko programa bat abiatzea izaten da.
Ez da erraza, inondik ere, hain programa zehatz eta konplexu bat hutsetik abiatzea, baina sarrera honetan zehar jarraitu beharreko pausuak azalduko dizkizuegu, batik bat ProFaNe sareko artikuluak, eta bereziki, Dawn Skelton dokotorearenak, erabiliz.

Izan ere, zertarako balio du zerbitzu ezin hobe batek, inor ere ez badoa (Skelton, 2011a)? Askotan gertatu izan zaigu hurí, entrenamendu programa zehatz eta erakargarri bat egin ostean, gure ikasleen asistentzia ez dela espero bezain ona izan.




Asko izan daitezke klase hutsen edo ezezkoen oinarrian dauden arrazoiak (Skelton, 2011a), hala nola, erortzeari beldurra, ariketari ezetz esatea, ariketa fisikoan konfiantza eskasa, garraiobideak erabiltzeko aukera eskasa, zure buruari erortzeko arriskurik ez topatu, sasoiko ez egotea,… Guk beste batzuk gehituko dizkiogu: medikuarenera egin behar dituzten bisita amaigabeak, IMSERSOko eta oporretako bidaiak, nagikeria, zerbitzua doakoa denean engaiamendu falta,…

Zure programa berpizten hasteko modu on bat ariketa fisikoaren onurak azaltzeko liburuxka bat banatzea da, hau patxadaz azaldu beharko zaielarik. Bestalde, ariketak internetera igotzea, edota DVD baten bidez ematea oso komenigarria eta erabilgarria litzateke (Skelton, 2011a).

Communication – All Speaking the Same Language da jorratuko dugun beste artikulu bat, eta osasunaren munduak gure programen arrakastan duen eragina azaltzen du Skeltonek (2011b)

Gure lanaren akuiluetako bat mediku eta osasun munduan jarduten direnek erorketen inguruko kontzientzia piztea da, baita ariketa fisikoaren inguruko onurak mahai gaineratzea (Skelton, 2011b). Izan ere, eta guk Osakidetzako zenbait ‘Osasun Etxe’rekin dugun harremanean oinarritua, jendea lortzerako garaian izugarri lagundu dezakete sendagile eta erizainek.
Hala ere, medikuak eta ‘entrenatzaileak’ ez dira beti ondo konpontzen, izan ere, batzuetan kontraesanak daude, esaterako, medikuek ariketa fisikoa aipatu ere ez egitea.

Horren lekukoa ez den adibide bat jartzearren, Cambdridgeko ospitaleak ditugun, Erresuma Batuan. Han, ohetxo bakoitzean txarteltxo bat jartzen da egunero, non ariketa bat azaltzen den, pertsona horrek egin dezan.
Halaber, Canadako Otago erakundeak, ilobek aiton-amonengan duten eraginari erreparatuz, bi aldeen artean egin daitezkeen ariketak prestatu ditu ‘Safety Superheroes’ izeneko liburuaren bidez. (Skelton, 2011b). Demagun eskolen, osasun etxeen eta erorketak ekidteko programen artean horrelako elkarrekintza sortzen dela, dena errazagoa litzateke, ezta?

Bestela ere, inork uka dezake ariketa fisikoaren garrantzia, eta gutxiago aldaka apurtzen denean. Izan ere, kasu horietan lau hilabete pasa ondoren ere gorputzeko pisua guztiz desorekatuta dago eta Erorketak Ekiditeko Programaren batean egon beharko luke pertsona horrek gutxiren buruan (Skelton, 2011b). Garrantzitsua litzateke, egoera honetan, medikuak programaren batera bideratzea gaixoa.

Ospitale eta erresidentzietako langileekin egindako ikerketen ondorioz (Williams eta Scudd, 2008), , jakin da langileak ere erorikoenganako kezka dutela. Halaber, jakin badakite saihesgarriak direla, nahiz eta zehazki jakin ez. Honen aurrean, argi dago beraiekin ere lana egin beharra dagoela.

Beste artikulu batean ere (Skelton, 2011f), profesionalek erorketak ekiditeko programetara bideratu eta mantentzeko ardura handia dutela aipatzen da, beraien iritzia oso estimatua baita. Baina askotan ez dute horrelako programen berri ematen, zoritxarrez.

Profesionalek esan behar dute eroriko asko saihesgarriak direla eta ez eztabaidatzeak ez du jarrera aldaketarik ekarriko nagusiengan.
Zergatik ez dute, baina, ezer aipatzen?


Lehenengo oztopo hau gaindituta, goazen hurrengo tontorra gainditzera: ‘ikasleen’ asebetetasuna eta adherentzia.
65 urtetik gorakoen %30ak bakarrik egiten du ariketa maiz, oso kopuru eskasa, inondik inora ere (Hawley, 2012). Horregatik, are eta garrantzia handiagoa hartzen du erorketa izan eta lehenengo sei hilabeteetan izaten diren gorabehera horietatik garaile ateratzeak.
Pertsona batek ariketa egiterako orduan iraun dezan eragiten duten faktoreak lehentasunak (beraien nahietara egokitzen den ekintza) eta espektatibak betetzea, hau da, baikor joatea eta autoestima igotzea, lirateke.


Honen harira, adherentzia lortzeko beraien hobekuntza fisiko nahiz psikologikoak ikusarazteko tresna edota trikimailuen erabilera erabakigarria da, baita monitoreak zeresan handia izango duen taldeko giroa ere, ariketari betiere eman behar zaion kutsu soziala aldarrikatuz (Hawley, 2012).
Lehen aipatu ditugun sei hilabete baino gehiago horiek betetzerakoan, arrakasta lortu dugula esan dezakegu, besteak beste, kohesionatuta dagoen talde bat osatu dugulako.

Skeltonek (2011c) adherentzia mantentzeko hainbat estrategia proposatu zizkigun beste artikulu batean. Esku-hartzeak arrakastatsuak dira soilik jendea joaten bada, eta hori lortzeko programa on batek laguntza estrategia konstanteak eskaini behar dizkio ikasleari, adherentzia ona eta orekan hobekuntza lortu ahal izateko.
Horretarako makuluetako bat ariketa fisikoa astean hiru egunetan egitea izango litzateke, horrela, ekintza ohikoa bilakatzeko aukera handiagoa izango baita.

Aipatu diren estrategia horien barnean hainbat nabarmendu nahiko genituzke, esaterako, joetan ez direnen atzean egotea; motibazioa sustatzea; deitzea eta komunikazio konstantea izatea; ariketa egunero egiteko tresnak eskaintzea; bai hori sustatuz bai materiala eskainiz; taldearen identifikazioa eta kohesioa sustatuko duten tresnak erabiltzea tartean, kamisetak eta eskutitzak; erorketetatik haratago doazen hitzaldi informalak prestatzea; jendea hauspotzea; garraio egokia lortzea; ‘monitoring and evaluation’ delakoa burutzea,… (Skelton, 2011c).

Adherentzia bermatuta, orain programaren beraren kalitateari buruz hitz egingo dugu, Skeltonen (2011d) . Quality Assurance and Fidelity in Falls Services artikulua hizpide hartuta.

Egindakoa eta hobekuntzak ikuskatzeko, sistema on bat edukitzea funtsezkoa izango da kalitatea bermatzeko, beste gauza batzuen artean fideltasuna sustatzeko, garapen fisikoa areagotzeko, garatzen ari ez direnekin egoera aztertzeko eta monitorearen lana gaurkotua izan dadin (Skelton, 2011d).
Esku-hartze onak deskribatzen ari garenez gero, eduki beharreko beste ezaugarri batzuk aipatuko ditugu, adibidez, 50 ordutik gorakoak izatea, garapena lortzeko ariketa zailak antolatzea, hauek bete arte ibiltzeko ariketarik ez egitea, lana progresiboa izatea, denei zuzenduta egotea, baita arrisku gehien dutenei ere, taldean edo etxean burutu ahal izatea, lana eta oreka uztartzea baina arrisku handiegirik gabe, indarra eta oreka lantzea eta ikasleei arriskuei buruz mintzatzea (Skelton, 2011e).
Eta eskuhartzean zer egin? Ba azti ibili! Beraiekin erorketei buruz hitz egin behar da (Skelton, 2011g), batik bat metakognizioa indartu eta Pigmalion Efektuaz baliatzeko, horrelako elkarrizketek eta solasaldiek gure kontzientzia eta pentsamendua pizten baitute, eta hori erorketak ekiditeko lehenengo pausua da.
Bestalde, adi egon behar gara beraiek egiten dituzten ariketekin, askotan beraien mailaz beste egiten baitute, oso gauza arriskutsua, inondik inora ere.


Bukatzeko, Erorketak Ekiditeko Programa baten adibidea (AUSTRALIAN GOVERNMENT, 2005) jarriko dizuegu, ideiaren batzuk har ditzazuen.

Eredu zehatza proposatu zuten, nolabait programa hauek eraginkortasun eta erabiltzaile gehiago izateko. Beraien ustetan, egitasmo batek nagusiak erakarri behar zituen nahitaez, programa ona osatu beharra zegoen, erakunde publikoen (Gobernuaren) laguntza beharrezkoa da, egiten denaren eta ‘ikasleen’ azterketa zehatza egin behar da aholkularitzaren eta jarraibideen bitartez, erorketak ekidin eta lesioak murriztu behar dira eta ikerketa eta ebaluazioa sustatu behar dira.






Bibliografia



AUSTRALIAN GOVERNMENT: The National Slips and Falls Prevention Project [linean]: slips and falls learning resource. [Camberra]: Australian Government, Deparment of Health and Ageing, 2005. [Kontsulta: 2012-05-12] http://www.health.gov.au/internet/main/publishing.nsf/Content/8F331513D9F8A95BCA257553007FF335/$File/slips-and-falls-prev.pdf

DUASO, Enric; CASAS, Álvaro et al. "Unidades de prevención de caídas y de fracturas osteoporóticas. Propuesta del Grupo de Osteoporosis, Caídas y Fracturas de la Sociedad Española de Geriatría y Gerontología". Elsevier [linean]. 2011ko iraila/urria. 46. bolumena, 5. zenbakia, 268-274 orr. [Kontsulta: 2012ko maiatzak 23a] http://www.elsevier.es/sites/default/files/elsevier/eop/S0211-139X%2811%2900162-4.pdf

HAWLEY, H. Promotion of uptake and Adherence to Exercise classes [linean]. Profane, 2012ko apirilaren 18a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2012/04/18/promotion-of-uptake-and-adherence-to-exercise-classes/

SKELTON, D. “Selling Your Exercise Service” [linean]. Profane, 2011ko (a) uztailaren 4a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2011/07/04/selling-your-exercise-service/

SKELTON, D. “Communication – All Speaking the Same Language” [linean]. Profane, 2011ko (b) uztailaren 4a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2011/07/04/communication-%e2%80%93-all-speaking-the-same-language/

SKELTON, D. “Support Strategies to Maintain Adherence” [linean]. Profane, 2011ko (c) uztailaren 4a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2011/07/04/support-strategies-to-maintain-adherence/

SKELTON, D. “Update on exercise to prevent falls reviews” [linean]. Profane, 2011ko (d) irailaren 7a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2011/09/07/update-on-exercise-to-prevent-falls-reviews/

SKELTON, D. “Quality assurance and fidelity in falls services” [linean]. Profane, 2011ko (e) uztailaren 4a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2011/07/04/quality-assurance-and-fidelity-in-falls-services/

SKELTON, D. “The role of health professionals in promoting the uptake of fall prevention interventions” [linean]. Profane, 2011ko (f) abenduaren 1a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2011/12/01/the-role-of-health-professionals-in-promoting-the-uptake-of-fall-prevention-interventions/

SKELTON, D. “Evaluation and Monitoring of Progress in Falls Services” [linean]. Profane, 2011ko (g) uztailaren 4a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2011/07/04/evaluation-and-monitoring-of-progress-in-falls-services/

Williams J, Scudds R. “A qualitative investigation of injurious falls in long-term care: perspectives of staff members”. Disability and rehabilitation. 2008. 33. zenbakia. 423-432 orr. http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed?term=Williams%20J%2C%20Scudds%20R



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina