2016(e)ko apirilaren 25(a), astelehena

Propiozepzioa (labur-labur) azalduz



Gure lankidea den Iratik lan interesgarri hau topatu du propiozepzioari buruz eta interesgarria iruditu zaigu hemen partekatzea, uste baitugu interesgarria dela ariketa fisikoa (eta erorketak ekiditzea) ikuspegi berritzaile honetatik.

Sarrera moduan esango dugu Sherrington-ek 1906-an propiozepzioa norberaren gorputz-jarreraren eta mugimenduaren inguruan izaten den informazio sentsoriala bezala definitu zuen. Denborarekin, baina, kontzeptua garatuz joan da eta gaur egun gorputz-jarreraren eta giltzarrietako mugimenduaren kontzientzia gisa da ezagutua. Saavedra eta Lephart-en arabera hiru osagarri ditu:
a.      Estatestezia: giltzarrietako gorputz-jarreraren kontzientzia
b.      Zenestesia: mugimendu eta azelerazioaren kontzientzia
c.       Ekintza eragileak: erreflexuen erantzuna eta giharretako tonoaren erregulazioa

Propiozepzioak giltzarrietako egonkortasuna mantentzen du baldintza dinamikoetan eta giltzarrietako oreka eta erabakitako mugimendua ahalbidetzen ditu (ibid.) Propiozepzioa ikusmen, entzumen eta bestibuluko zentzuen kitzikagarrien eta azaleko, giltzarrietako eta giharretako hartzaileen araberakoa da, zeintzuek ehunetako gertakizun mekanikoen informazioa igortzen duten seinale neurologikoak erabiliz (ibid.).

Kirol Medikuntzako Eskola Amerikarrak ariketa propiozeptibo dinamiko eta estatikoen preskripzioa aholkatzen du, eta oro har, gorputzaren sostengu handi batetik txikiago batetara pasatzen da, normalean ibiliz egiten diren ariketekin, 30 segunduko tarteak hartuz.
Ariketa teknika asko daude, baina adibidez, beheko gorputz-adarretako kontrol neuromuskularra lortzeko, azalera ezegonkorrak erabiltzea gomendatzen da.

Ez dugu teorian asko sakondu nahi, baina dokumentu honetan 21. orrialdetik aurrera dagoen propiozepziozko ariketen plangintza hau begiratzea aholkatzen dizuegu. Gure sasoia hobetzea baita helburua!

Kontuz edonori atea irekitzearen horrekin, eta kontuz zer saltzen dizuten!

Aurreko batean kaleratutako artikulua da hau, baina esan genezake inoiz ere ez duela bere balioa galtzen, izan ere, krisi garai hauetan dirua edozein modutan lortzeko saiakerak emendatzen ari dira, eta are gehiago egoera hauskorrean dauden pertsonengandik bada.
Judimendi/Arana auzoan hainbat iruzurgile zeudela entzuna geneukan, zeintzuk gas behatzaile bezala sartzen diren, gero dirua lapurtzeko. Oraingo honetan, adinekoengana propio doazen saltzaileen inguruan ohartarazi nahiko genuke, uste baitute errazago lortuko dutela helburua. Izan ere, modu gizatiar eta bidezko batean saltzeko saiakerak baztertu dituzte.
Honenbestez, ez dago soberan gure inguruan ohartaraztea, hainbat atsekabe aurrezteko, behintzat!

Euskal Tele-Alarma Zerbitzua: BetiOn



Probintzia mailako artikulu batean ikusi genuenez, artikulu hau hona ekartzea mesedegarria dela deritzogu, eta zuekin partekatu. Gainera, lehen mailako baliabide/zerbitzu bat izateaz gain, ekimen berritzailea ere bada eta ahal bezainbeste sustatzeko beharra dugu, horrela lortuko baitugu telealarma zerbitzu hau denontzako baliagarria izatea.

Zerbitzu honek dagoeneko bost urte bete ditu eta ikusten da, urtez urte, 24 orduko laguntza eskaintzen duen zerbitzu trinko bezala egonkortzen ari dela. Datu batzuk ezagutzearren, 34.132 pertsona erabiltzaile daude, eta horietatik %78 80 urtetik gorakoak dira, eta %98, berriz, 65etik gorakoak. Emakume/gizon ratioa 80/20 da eta BetiOn Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen %7,68rengana iristen da.

Argi dago badagoela nondik hazi, eta adibidez, adinekoek zerbitzu honekiko mesfidantza entzun izan dugu batzuetan: “Oraindik gazteegia naiz dominatxoa eramateko”, esaten dute, baina babesa eta seguritateak ez du ez adin ez sexurik ezagutzen.
Bukatzeko, esan nahi genuke BetiON eta Gasteizko Erorketak Ekiditeko Programak urteak daramatzagula elkarlanean, eta horrela, beraiek balizko erabiltzaileak bilatzen dituzte programarako eta guk BetiOn-en bertuteak aktiboki zabaltzen ditugu.

Informazio gehiago  hemen

Erorketen prebentzioari buruzko lau hitz



Gure Matia Fundazioko kideek idatzitako artikulu honek erresidentzia mailan gertatzen diren erorketak jorratzen ditu, beraien ezaugarri fisikoak direla medio erortzeko arrisku handia dagoen, Hau horrela, ikusi da eri norbanako bakoitza batazbeste 1,6 aldiz erortzen dela urtean, eta egoiliarren erdia behin baino gehiagotan erortzen dela. Gainera, “jakina da egoiliarren %10 dagokiola erorketen %50 baino gehiago”.
Ondorioak hainbat eta anitzak dira, esaterako, aldaka apurketetatik hasita, heriotza eta erorketa osteko beldurretik pasaz eta bizi-kalitatearen txartze batean amaituz.
Erorketak ekiditeko esku-hartze hainbat daude, adibidez, esku-hartze bakarrak (aldagai bakarra lantzen dutenak), anizkoitzak edo multifaktorialak (berariazkoa, monitorizatuak, elkarrekin lotutako hain alor lantzen dituenak, etab.).
Edozein dela ere aukeratu den esku-hartzea, esku-hartze horrek soilik maiz erortzen direnei eragiten die, baina, eta hau da interes gehien sortarazten diguna, esku-hartze faktore-anitzekin erorketen zenbatekoa gutxitu egiten da, eragin babesle bat izateaz gainera. Bestalde, esku-hartze soil batek erorketa kopurua eta guzti igoarazi dezake.
Honako ondorio honekin bukatzea otu zaigu:
“Esku-hartze anitzak erorketak ekiditerako orduan oso lagungarriak izan daiteke, baita lan-taldearen sentsibilitatea eta funtsezko aldagai batzuen jarraipena ere. Horretaz gain, osasun baliabideak eta egiten diren inbertsioak ezinbestekoak dira, izan ere, zerbitzu soziala izanik, izugarrizko onura egiten die gainontzeko osasun administrazioei.”

Gure parte-hartzaileak euren etxeetan bizi diren arren, honako ikerketak gure Erorketak Ekiditeko Programaren jarduna sustengatzen du eta gure prebentzio-jardunarekin jarraitzera bultzatzen gaitu, baita erorketa kopurua gutxitzera ere.


Hemendik aterata: *Vlaeyen E, Coussement J, Leysens G et al. Characteristics and Effectiveness of Fall Prevention Programs in Nursing Home ; A Systematic Review and meta- Analysis of Randomized Controlled Trials. J Am Geriatr Soc 63;211-221;2015.

Damutuko zaizu, bestela!


“Edozein arrazoirengatik, norbaitek bere entrenamenduak bertan behera uzten dituenean, konturatzen da zenbat behar den sasoi fisiko on bat lortzeko eta zeinen azkar galtzen den irabazitako hori” Ziurrenik, esaldi hau irakurtzerakoan zuotako askori gertuko (edo zuen) rasuren bat etorri zaizue burura, eta atsekabe sentimendu bat sartuko zitzaizuen zuen gorputzean. Gure kirol errutina uztea da, hain juxtu, El País egunkariko artikulu honek lantzen duena.  Vanesa Sanz fisioterapeuta eta entrenatzaile pertsonalaren hitzak ziren, baina honako hau ere gehitzen zuen: “berriro hastean, azkar errekuperatzen dela da albiste ona”. Hori bai, lehen genuen hori berriro lortzeko prozesua ez da berdina guztientzako, izan ere, goi-mailako kirolariak euren aurreko egoerara aste gutxitan itzultzen dira; hasiberri batek zailtasun gehiago izango dituen bitartean. Era berean, kirola egiteari sei hilabeteko praktika jarraituaren ondoren uztekotan, “irabazitako gihar-potentziaren ia erdia mantenduko duzu”. Kirola maiz egiten duten horiek hiru astetan nabarituko dute gihar-tonua galdu egiten dela eta gorputza biguntzen dela. Ziur Sanz-en iruzkinek hurrengo batean ariketa egiteari uzteko erabaki arina bi aldiz pentsatuko dugula, hurrengo batean. 



Edonola ere, aldez aurretik egindako ariketa kopurua ez da sasoi horren galeran eragiten duen aldagai bakarra, izan ere, uzteko arrazoiak ere badu zeresana, Molly Galbraith adituaren esanetan. Hau honela, “gaixotasun batengatik bada, bizpahiru astetan gorputzak gehiegizko estresa du eta tonua galdu duela nabaritzen da. Bestalde, osasuntsu bazaude eta ariketa fisiko arina egiten baduzu, bost aste egon zaitezke galera esanguratsurik gabe. Sanz-i galdetzen diote ea zer egin behar den “amore emateko” eta erantzuna zabala da: elektroestimulazioak, kirola denbora gutxian egiteko, entrenatzaile pertsonal ‘gogor’ bat; gustatzen zaizkigun ekintzak egitea eta ariketa kanpoan egitea. Gai honen garrantziaz jabetuta, esan nahi dugu asko direla ariketa fisikoa egiteari uzten diotenak, hainbat arrazoi direla medio, eta seguruenik ez dira konturatzen zer nolako akatsa egin duten. Adibide garbiena oporretan izan ohi da, izan ere, eta salbuespenak salbuespen, garai hauetan nekez egiten dugu ariketa fisikoa. Ikusitakoaren harira, ea nor gelditzen den sofan orain!

Gorputz-jarrera osasuntsua lortzeko mini gida: Programa Soziomotorearen ekimena!

Zer litzateke adinekoei arreta ematen dien zerbitzua langileak sasoiz kanpo baleude?Duela hilabete batzuk martxan jarri bagenuen ere, Programa Soziomotorea, Sirimiri enpresako beste kideekin batera, Laneko Gorputz-Jarrerak Lantzeko Mini-Gida Osasuntsua kaleratu genuen, gure lankideen ongizatean eragiteko asmoz.

Eguna hasi aurretik eta lanetik irteterakoan egiteko ariketa errazak sortu ditugu, Hugo Musitu diseinatzailearekin batera, langile hauek bere lan-orduetan egin ditzaten. Eserita eta zutik lan egiten dutenentzako plangintza berezitua sortu dugula aipatzekoa da.

Esan behar da egitasmo hau GOSASUN egitasmoaren barruan kokatu dela, Eusko Jaurlaritzaren Innobasque erakundeak EAEn ohitura osasuntsuak sustatzeko egitasmoa, han zuzen ere. Gainera, beraien web-gunean aipatu gaituzte! Era berean, klikatu hor ale bat atzitu nahi baduzu.

Zainketen ekonomia

Noticias de Álava egunkariak aiton-amonek umeen zainketan duten garrantzia aztertzen zuen artikulu bat kaleratu zuen, eta guk ere gure inguruan denetariko kasuak ikusten ditugunez, blog honetan sartzea erabaki dugu.
Artikuluan esaten den bezala, “bakoitzak lana, seme-alabak eta aisialdia ahal duen bezala uztartzen ditu, baina zerbait partekatzen da oro har: aiton-amonak umetxoen bizitzako atal garrantzitsua dira. Maitatzen bukatzen duten pertsonai xamurra.”

Euskadiko 55 urtetik gorakoen bizi baldintzen inguruko ikerketan, 2015eko irailean Eusko Jaurlaritzak argitaratua, ebazten zuen adinekoek euren bilobak modu aktiboan zaintzen zituztela, hau da, bataz beste 16,4 ordu astean, astelehenetik ostiralera hiru ordu baino gehiago. Horri sukaldatzen eta lekuz mugitze emandako orduak gehitu beharko genizkioke, beraz, esan dezakegu, hanka sartzeko beldur handiegirik gabe, egunean zehar adinekoak ‘lanean’ pasatzen dituen 5 ordu horiek dagoeneko jubilatuta daudenen pertsona horientzako zeregin handi samarra bilakatzen dela. Honek, jakina, adinekoaren/zaintzailearen bizi-baldintza, zainketa eta ongizateari eragiten dio.
Gainera, esan behar da adinekoen herenak astero (gutxienez) zaintzen dituela bere bilobak, eta egunero egiten dutenak, berriz, %15 dira.
Javier Elzo soziologoari jarraituz, azkeneko hamarkadetan adinekoek ardura gehiago hartzen hasi dira senitartekoen zainketetan era hau hiru arrazoi ezberdinengatik gertatzen da:
  1. Adinekoak gero eta gehiago eta hobeto bizi dira; gai dira gauza gehiago egiteko
  2. Zaindu beharreko biloba kopurua txikiagoa a, jaiotze-tasa baxuagoa delako
  3. Senitarteko batek zaintzearenak arrazoi ekonomiko handi bat du: gaur egun ez dugu dirurik zaintzaile bati ordaintzeko.
Kinka honetan, geroz eta guraso gehiagok eskatzen dute jardunaldi murrizketa edo eszedentzia eta, Eusko Jaurlaritzaren arabera, pasa den urtean, 17.194 pertsona baliatu ziren, %92 emakumeak. Ideia bat egiteko, laguntzaren batezbestekoa 1.761, 91 euro izan ziren.
Baina argi dago edonork ez duela bizimodua aurrera ateratzeko diru gutxiago irabazteko aukerarik eta “kontziliazio politika sendo batzuen faltan, hauskorrenak sendiaren laguntza sare bat ez dutenak dira”. Eta are gehiago emakumeak badira.