2014(e)ko maiatzaren 8(a), osteguna

Teknologia berriak eta erorketak

 Gaurko honetan, teknologia izango dugu aipagai, izan ere, zenbat ate ireki izan ote dizkigute munduan zehar sortutako hamaika aurrerapen horiek? Ordenagailurik gabe ezin izango genuen sarrera hau idatzi; internetik gabe ezin izango genituen munduko gure kideek argitaratutako lanak irakurri eta guk ere ezingo genizkizuen eskaini; hegazkina zerbait berria da eta auskalo nola bidaiatuko zuten urrutira duela 100 urte,…

Eta jakina, gure eguneroko bizitzan beste hainbeste onura ere izan ditugu teknologiari eskerrak, tartean, gure eguneroko bizimodua erraztu digu eta arriskuak arindu dizkigu. Horren harira, ariketa fisikoa, erorketen ebaluazioa eta domotika lirateke gure esparruan eman diren aurrerapausu nabarmenak, gure ustetan.
Beste egun batean Manex Garaioren artikulu bat ere zabalduko dugu domotikaren inguruan, baina momentuz ariketa fisikoa eta erorketen ebaluazioa aipatuko ditugu.


Lehenik eta behin, askotan erorketen inguruan ohartarazteko liburuxka eta txostentxo ugari ematen zaizkie arrisku gehien izan ditzaketen pertsonei. Oso eskuhartze eraginkorra da eta lehen mailako ekiditea izan behar du esku-hartze ororen mugarria, baina hala ere, ez dezagula pentsa eragin positiboak berebizikoak direnik, izan ere, eta logikoki, erorketak murrizten dituzte, baina ez apurketak eta lesioak (Skelton, 2010).

Horren harira, ‘metodo’ tradizionalak baztertu eta gaur egun teknologiak eskaintzen dizkigun baliabideak erabili behar ditugu aurrera egiteko. Zer dugu eskuartean, ordea?

Erorketen kopurua bildu eta estatistikak lantzea askotan lan nekeza eta zabalegia izan ohi da. Hala ere, eta teknologiarekin lotuta, Holandan irtenbidea topatu omen diote horri: arrisku faktoreak dituzten edo lehenago erori diren biztanleen eskuragarri telefono sistema automatiko bat dute, erortzen den pertsona horri gertatutakoa modu telematikoan jasotzeko (Skelton, 2011a). Berririk egon ezean, telefonoak berak deitzen dizu eta baieztatzen du erori gabe egon zarela denbora-tarte horretan. Telefonoak hartzen dituen datu horiek ordenagailura mugitzen dira, hor errazago lan egin ahal izateko eta ikerketa gehiago egiteko.

Erortzen ez direnen artean %100eko fidagarritasuna du, eta ustez erortzen ez (baina erortzen dira) direnen artean , berriz, %78koa. Gainera, jendea pozik dago eta erabiltzaileek bere balioa aitortzen diote baliabide honi (Skelton, 2011a).

Telefonoa eta asistentzia aipatu ditugunez gero, ezin dugu ahaztu guk EAEn horren tankerako zerbitzu bikaina dugula eskura: BetiOn hain zuzen ere. BetiOneko lagunak lan bikaina egiten ari dira zentzu horretan eta nahi duenak, eskuragarri du beraien telefono berezia eta zentralarekin lotuta dagoen lepoko digitala. Azkenaldian erorketen prebentzioarekin engaiatu dira eta hainbat ekimen eta zerbitzu jarri nahi dituzte martxan.Beraiei buruzko informazio gehiago esteka honetan duzue!
Aipatu behar dugu, halaber, beraiekin lankidetza-hitzarmena dugula beraien erabiltzaileak gure programara etor daitezen.


Erorketetara itzuliz, eroriko askoren ostean, familiaren edota erori denaren borondatez, erresidentzia batera joan behar izaten da edo sarritan ospitalera joan beharrean daude. Dena dela, ez dezazuela pentsa azkeneko bi toki hauek guztiz seguruak direnik, izan ere, Catherine Vassen ikerketa batek jakin zuen Ingalaterran aztertutako ospitale batzuetan eroriko asko jazotzen zirela, asko eta asko ikusi eta saihestu ezin izan zituztenak. Herrialde berean 200.000 eroriko egon ziren urte osoan, eta ospitalean pasatako 1000 eguneko 3tik 14ra erorketa izaten ditu gaixo bakoitzak (Vass et. Al, 2009), benetan zifra arriskutsua.

Erorketa tamalgarri hauek ekiditearren ‘Bedside Sensor’ izeneko tramankulu bat dute hainbat tokitan. Tresna honek eria noiz altxatuko den aurreikusi eta jakinarazten du, erizainak bera laguntzera joan daitezen (Vass et. Al, 2009). Gainera, gaixoaren bat-bateko grabitate aldaketa egon bezain orduko jakinarazten dio ospitaleko langileari.


Orain arte erorketak ebaluatzeko eta kontrolatzeko tresnak aipatu ditugu, eta ondoren, berriz, erorketak ekiditeko teknologiaren erabilera.

Norberaren ibilera zehazki behatzeko, gorputzean eta inguruan jartzen diren 3D-ko kamera batzuek mugimenduak aztertu eta erortzeko gertaera kritikoak izan daitezkeenak aurreikusten dituzte, segmentazio eta tracking teknologiaren bidez (Skelton, 2011c).


Hasieran aipatu dugun bezala, teknologia berriak ate-hoska ditugula gauza jakina da, eta baita horien ondorioz esku artean ditugun aurrerakuntzak biziki laguntzen digutela gure eguneroko bizitzan. Amaierarik gabeko kate honen adibide batek harreman zuzena du gurekin, izan ere, Wii Fit kontsolaren onurak aurkitu dituen ikerketa bat burutu baitute (Skelton, 2011b).

Guk ere badugu gure programan WiiFit bideojolas bat, Irati Armas gure praktiketako ikaslearen ekimenez erosi baikenuen 2012ko irailean.
Wiifiteko jolasak eta Wiifit Balance Boarddelakoa erabiltzen ditugu, bere oreka-taula eta guzti. Bideojolas hau erabiltzearen helburua modu erakargarri eta eraginkor batean berariaz oreka eta koordinazioa lantzea dira, eta uste dugu helburua betetzen ari garela.

Gorago aipatu dugun Profaneren ikerketa horren esanetan, WiiFit delako Tilt table, Bubble-River, Penguin Slide eta Football Heading jokoekin burutzen ziren esku-hartzeek programa ‘tradizionalek’ baino emaitza hobeak zituzten, entrenamendu plana ondo osatzeaz gain, 10 saioren buruan bien arteko aldaketa esanguratsua baitzegoen emaitzei begiratuz. Alde batetik, Falls Efificacy Scores delakoan emaitzak hobeak ziren ‘modernoekin’, zutik egotean balantzeoa txikiagoa zen eta oreka dinamikoa ere hobetu egiten zen (Skelton, 2011b).

Hori gutxi balitz, Wiiarekin oso ondo pasatzen zutela aitortu zuten ikasleek eta programan iraunkortasuna /adherentzia ia ezin hobea izan zen, 13 parte-hartzaileetatik bakarrak utzi baitzuen (Skelton, 2011b).

Egia esan, Wii-arekin izan dugun esperientzia, oso ona izan da eta edadetuek oso ondo pasatzen dute jolas hauekin. Hasieran esaten dute ez direla umeentzako jolas horietan ondo moldatzeko gai izango, baina berehalakoan harrapatzen dute ideia eta denbora luze egoten dira jolasten, gehiegi nekatuko diren ala ez kezkatu gabe.

Dena dela, teknologia ez da toki guztietara iristen, horregatik,komenigarria da gure lan-esparru eta komunikatzeko estilo tradizionala mantentzea eta teknologia ‘plus’ bat izatea.

Horregatik, beraiekin hitz egin behar da erorketei buruz, horrelako elkarrizketek eta solasaldiek gure kontzientzia eta pentsamendua pizten baitute, eta hori erorketak ekiditeko lehenengo pausua da (Skelton, 2011c). Gainera, pertsona bezala hobeto ezagutuko ditugu eta hori ere garrantzitsua da erorketak ekiditeko.

Eta teknologiarekin lotutako azken aholkua hauxe: adi egon behar gara beraiek egiten dituzten ariketekin, askotan beraien mailaz beste egiten baitute, oso gauza arriskutsua, inondik inora ere.

Bibliografia


SKELTON, D Fall prevention toolkit in acute care hospitals reduced falls but not injury [linean]. Profane, 2010eko azaroaren 30a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2010/11/30/fall-prevention-toolkit-in-acute-care-hospitals-reduced-falls-but-not-injury/ (Skelton, 2010)

SKELTON, D Using an automated telephone system to record falls [linean]. Profane, 2011ko martxoak 12 (a). [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2011/03/12/using-an-automated-telephone-system-to-record-falls/ (Skelton, 2011a)

SKELTON, D Wii fit and balance training with new technologies [linean]. Profane, 2011ko (b) irailaren 7an. [Kontsulta: 2012-09-08]. (Skelton, 2011b)
http://profane.co/2011/09/07/wii-fit-and-balance-training-new-technologies/ by Dawn
SKELTON, D Evaluating and monitoring of progress in falls services [linean]. Profane, 2011ko uztailaren (c) 4an. [Kontsulta: 2012-09-08]. (Skelton, 2011c)

VASS, Catherine D. et al. REFINE (Reducing Falls in In-patient Elderly) - a randomised controlled trial. Trials Journal [linean].2009Ko Irailaren 10a. 2009; 10: 83. (Vass et. Al, 2009)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina