2014(e)ko maiatzaren 8(a), osteguna

Adinaren ondorioak

Gero eta ‘zaharragoak’ izan, orduan eta gehiago erortzen omen gara (Skelton, 2011), horretan ados gaude. Grundstorm eta enparauek 2008. urtean egin zuten ikerketan, non 125000 adinekok hartu zuten parte, ikusi zen 85 urtetik gorakoen %20a erori zela aurreko hiru hilabeteetan. Honi gu guztiongandik jakina den datuari gehitzen zaio, hau da, urtero adin-tarte horretatik erdia lurrera joaten den kopurua (NHS, s.d.), alegia.

Dena den, askok eta askok arrazoietan desadostasunak dituzte eta ez da harritzekoa, faktore asko baitaude. Hala ere, ziur esan dezakeguna da adina baino beherakada fisiko orokorra dela eragin handietako bat, baita gizonezkoen lo eskasia, bihotzeko arazoak, Gorputz masaren Indizearen (GMI) gorakada, alkohola edatea eta osasun arazoak eta behar dituzten makinak ez erabiltzea ere.
Askotan aipatu den bezala, erorketen atzean barne-faktoreak egon daitezke, esate baterako, ibiltzeko laguntza behar izatea, mugikortasuna galtzea, bertigoak gure oreka kaltetzea, zorabioak izatea, entzumena eta ikusmena gaizki egotea, botika asko hartzea, kontzientzia maila urria izatea, kognizio aldetik eskas izatea eta aurretik ere erorketak izatea. Kanpo-faktoreek, ordea, zeresan handia dute erorketetan, eta horiek aztertzea beharrezkoa izango da eskuhartze egoki baterako.
Erortzeko beste arrisku-faktore batzuk tabakismo eta alkoholismoa, hipertentsio arteriala eta obesitatea lirateke. (Cortes eta Coyoc, s.d.)
Hau honela, prebentzio orok erortzeko arriskua baloratu beharko luke, errejistro bat izateko parada izan, materiala, laguntza eta tresnak eskaini eta pertsona denboran eta espazioan kokatzea.
Honen harira, erorketek sortzen dituzten gastuak kontuan hartzeko modukoak dira (Cortes eta Coyoc, s.d.), ez baitira inola ere txantxa. Beraz, saiatu beharko ginateke erorketen arazoa era sistematikoan eta zehatzean aztertzen, erorketak ekidin eta dirua aurrezteko.
Baina ez da berdina adin tarteko batzuekin egin beharreko prebentzioa eta beste batzuekinegin beharrekoa, saskibaloi talde batekin eta netballeko beste batekin egin beharreko lana ezberdina den bezala.
Goazen, bada, artikulu baten laguntzarekin gaia sakontasunez jorratzera eta 75 urtetik gorakoekin zer egin daitekeen ikastera.
Bizi-itxaropena izugarri hazten ari den honetan, 65 urtetik gorakoak azkarren hazten ari diren gizarte taldea dira, orain dela 20 urte inguru (1986an, zehazki) biztanleriaren %10,6a baitziren, eta gaur egun, berriz, 19,79a (Eustat, 2012).
Nagusiak gehiago bizitzea oso berri pozgarria da, baldin eta beraien bizitza erosoa eta minik gabekoa izan bada, baina gaur egungo jaiotze-tasarekin, hainbeste adineko egoteak izugarrizko desoreka demografikoak sortzen ditu, eta ondorioz, galera ekonomiko nabarmenak. (Cortes eta Coyoc, s.d.)
Datu eta estatistika bitxiak ezagutaraztea asko gustatu ohi zaigu, eta ondoren esango dudana horietako bat da, begiak ireki eta egoera ulertzeko modukoa. Hain zuzen ere, gure bizitza guztiko arreta medikuaren %18a gure azkeneko urtean izan ohi da. Pentsa, beraz, hainbeste luzatu den bizitzak nolako amaiera duen, are eta gehiago zahartzaro aktiboa mantentzeko gai ez bagara (Cortes eta Coyoc, s.d.).
Heriotza tasa pixkanaka-pixkanaka gora doa, gauza guztiz ulergarria gero eta adineko gehiago daudela kontuan hartzen badugu. Are ulergarriagoa da adinekoen hauskortasunak duen eragina ikustean, baita lotuta edukitzen dituzten hamaika botikek bukaeran sortzen duten ahulezia eta ‘alienazioarengatik’ ere.

Ez da harritzekoa adinekoen artean ezindu fisiko asko aurkitzea, izan ere, gorputzaren maldan behera hasia da jada eta gaitzak larrituz edo agertuz doaz. Emakumeen artean arazo neuropsikologikoak, arnasteko ezintasunak, gaitz kardiobaskularrak eta ikusmenaren beherakada handitzen dira. Gizonezkoetan, berriz, gaitz berberak, nahiz eta ikusmenean arazo gutxixeago izaten dituzten.
Denborarekin agertzen den beste ohiko gaitz bat gaixotasun muskulueskeletikoak dira, giharraren lesioak hezurrean eragin baitezake, edo alderantziz.

Artritisa inmuno prozesuaren eragina da, borroka horretan inflamazioa sortzen baita eta hori lausotzen ez denez gaixotasun kronikoa baitakar. Hala ere, genetikak ere badu zeresana artritisaren agerpenean.
Gainera, adinarekin gora doa agerpena, estresa eta obesitatea ere bidelagun direlarik.

Osteoporosia, berriz, 75 urtetik gorakoetan agertzen da bereziki, kaltzio kontzentrazioa jaistean hezurrak ahuldu egiten baitira, apurtzeko errazagoa delarik. Arrisku-faktoreak bizitza sedentarioa, kaltzio gutxiko dieta, tabakismoa eta estrogeno kopurua galtzea (emakume postmenopausikoen) dira, besteak beste. Babesteko faktoreak, berriz, ariketa fisikoa, kaltzioa izango duen dieta (gazta, esneak, esnekiak, arrain urdinak, …) eta hormonekin eskuhartzea lirateke. (Cortes eta Coyoc, s.d.)

Bestalde, estatistikak gure jakin-mina asetzeko daude, eta orain adin nagusikoen kirola nolakoa den jakiteko egarria dugu. Bada, % 18ak bere kasara egiten du kirola, ariketa fisikoa lagun artean egiteak dakartzan onurak ahaztuz. Horretaz gain, ikusi da %46ak ez duela inolako kirolik egiten, eta oso portzentai txikia dela egunero egiten duena, %8,5a, hain zuzen ere.

Kataluniako esperimentu batek, halaber, Erorketak Ekiditeko Programa batean parte hartu zuten %80ak ariketa fisiko kopurua handitu zutela ikusi zuen, lehen aipatu dugun %46ko jendetza pasibo hori gutxitzen joateko nahikoa. Halaber, %48ak klasekideekin zituzten harremanak mantendu zituen, maiz elkartuz. Datu hauekin bukatzeko, partaide horiek medikuarenera egiten zituzten ‘osteratxoak’ %46 jaitsi zirela ondorioztatu zen. Hau honela, tankera honetako programa baten garrantzia nabarmentzen da, onura fisiko eta sozialak berehala ikusi baitaitezke. (GINÉ-GARRIGA, GUERRA, MANINI, ET AL., 2010).

Izan ere, ariketa fisikoaren garrantzia ez da nolanahikoa adin batetik aurrera. Ohikoa da, behin erretiratu ostean, gizakiak hutsune soziala sumatzea, eta horretarako ia-ia inkontzienteki talde baten bila dihardu dela ekintzaren batean izena emanez, dela lagunekin maizago elkartuz, dela beste edozein arrazoi.
Osasunarekin jarraituz, gorputza mugitzeak, burmuinari zukua ateratzeak eta elkarrekintza sozialak aktibo mantentzen gaituzte. Hori hartu beharko da kontuan adinekoentzat ariketaren bat prestatu nahi badugu. Horretaz gain, agureen osasuna sustatzeko, espazioak eta ekintzak bultzatu beharko ditugu, osasuntsu egoteko neurri errazak hartu beharko dira, adinekoei negozio eta eraikin publikoak izatea ahalbidetuko zaie, bizi kalitatea erdiesten lagunduko diguten irtenbide eta ekimenak antolatuko dira eta erakunde askoren arteko elkarrekintza osatu beharko da (Cortes eta Coyoc, s.d.).
Gure bizitzaren jabe garenez gero, eta adinekoen kasuan gehienetan egun osoa libre antzean dugunez gero, gu geu gara gure egutegiaren egileak. Ariketa egitea funtsezkoa izango da, baita ekintza kulturaletan parte hartzea ere. Dena den, gaitasun mentala lantzea derrigorrezkoa da, adin nagusikoentzat prestatuta dauden heziketa ikastetxeetan eta baliabideetan (EPA, CSCM, ikastaroak,…), ariketa kognitiboak eginez, egiten dugunari zentzua eta esanahia emanez, ariketa fisikoa eginez eta mota askotako elkarrekintzen bitartez. 
Laburbilduz, adinarekin gure gainbehera saihestezina da, nahiz eta beherakada horren abiadura moteldu dezakegun. Horretarako gure gorputza zaintzea behar-beharrezkoa izango da, gure sare sozialak eta eguneroko ekintzak mantentzeaz eta handitzeaz gain, kirola egin beharko baitugu ohitura bezala. Erretiratzerakoan gorputza askoz gutxiago mugitzen da, eta gabezia hori estali beharko dugu, 20-30 minutuz ariketa eginez ahal bada egunero, intentsitate egokiarekin, gure beharretara egokituz eta dieta osasuntsu batekin lagunduz. (Cortes eta Coyoc, s.d.)

Gaitzak gaitz, gogoratu edozeinekin jorratu dezakegula prebentzioa, baldin eta bere ezaugarrietara ahalik eta gertuen egokitzen bagara. Honen harira, Sirimiri enpresak (EKIME kongresua, 2010) ikerketa bat egin zuen edadetu oso hauskorrekin, eta berariazko eskuhartze bat egin ondoren, izugarrizko hobekuntza izan zuten.
Zeren zain zaudete, beraz?


Bibliografia


CORTES, J.J.; COYOC, D.I. Factores que influyen para que se genere el abandono en las personas de la tercera edad [linean]. [Mexiko DF]: Universidad AutónomaMetrópolitana, Unidad Xochimilco, s.d.. [Kontsulta: 2012-05-07]. http://publications.paho.org/spanish/PC_590_Tercera_edad.pdf

EUSTAT (2002): Biztanleriaren eta etxebizitzaren zentsuak 2001. Emaitzen aurrerapena. Censos de Población y Viviendas 2001. Avance de resultados. www.eustat.es

EUSTAT (2013): Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuen, adin-talde handien eta sexuaren arabera. 2011. http://eu.eustat.es/ci_ci/elementos/ele0008400/ti_Euskal_AEko_biztanleria_lurralde-eremuen_adin-talde_handien_eta_sexuaren_arabera_2011/tbl0008458_e.html#axzz2vDDQSKhj

GINÉ-GARRIGA, María; GUERRA Míriam et al. The Effect of Functional Circuit Training on Physical Frailty in Frail Older Adults:A Randomized Controlled Trial”. Journal of Aging and Physical Activity, 2010, 18. zenbakia, 401-424 orr.

NHS. Falls [linean]. [Erresuma Batua]:, National Health System, s.d.. [Kontsulta: 2012-05-12] http://www.nhs.uk/Conditions/Falls/Pages/Introduction.aspx

SKELTON, D Can What’s different when we are over 85?? [linean]. Profane, 2011ko irailaren 7a. [Kontsulta: 2012-09-08]. http://profane.co/2011/09/07/whats-different-when-we-are-over-85/

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina