2015(e)ko abenduaren 12(a), larunbata

Badatoz oporrak!

Gabonak ate joka ditugu, eta hortaz, iritsi da atseden hartzeko unea. Urriaren hasieratik gabiltza egurrean eta bada garaia merezitako atsedena hartu dezaten gure ‘ikasleek’. Oporretatik itzultzean, oraindik ere beste hilabete eta erdi izango dute parez pare, otsailaren erdialdean hasiko diren hurrengo taldeei tokia egin aurretik.

Opor onak pasa eta itzulerararte!

 












Abendurako egitaraua

Abenduan, oporrak izanagatik ere, hainbat ekintza prestatu ditugu, eta horietako batean elkar ikusiko dugulakoan gaude. Hauek izan dira eta dira hilabete honetan antolatutakoak:
  • AFA Araba: abenduaren 1a, 16:00-18:00
  • Judimendiko AZSK: abenduaren 4, 11, eta 18, 11:30-13:00
  • Sansomendiko AZSK: abenduaren 9 eta 10, 18:30-20:00
  • Ariznabarrako AZSK: abenduaren 14 eta 17, 18:15- 20:00
  • Adurtza/San Kristobal auzoko pentathloia: abenduaren 28an, 10:00-14:00
Hurrengo hilabeteetako berri ere izango duzue! Laster arte!


SER irratian elkarrizketa, entzun nahi baduzue!

Pasa den abenduaren 8an SER irratian elkarrizketatu gintuzten, Programa Soziomotorea, eta batik bat, Erorketak Ekiditeko Programa hobeto ezagutu nahian. Oso esperientzia polita izan zen eta asko eskertzen dugu azaldu zuten interesa. Hementxe duzue elkarrizketa osoa entzungai, 1:55 minututik aurrera.
Eskerrik asko Delia Tobías kazetariari, jakina.

2015(e)ko azaroaren 16(a), astelehena

Eskerrik asko, Arabako Gorrak!

Pasa den astean, bi hitzaldi eman genituen Arabako Gorrak elkartean, Bego eta Ainhitzeren laguntzarekin. Oso ekimen aberasgarria izan zen eta uste dugu bi aldeek ikasi genuela zerbait! Guk zeinu-hizkuntzan hitz eta esaera pare bat, eta hara bertaratu ziren guztiek, berriz, erorketak nola ekidin.
Plazer hutsa izan zen zuekin batera aritzea! Hurrengo arte!



P.d. Informazio, argazki eta bideoak hemen dituzue, Arabako Gorrak elkarteko Facebook-ean.

2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

Azaroko egitaraua

Azaroan hainbat hitzaldi antolatu ditugu eta bertaratzeko gonbita luzatu nahi diogu edozeini, batik bat adinekoa bada eta gai honetan interesa badu, jakina!
  • Caballo de Picas apartamentu tutelatuak: azaroaren 3an, 17:00etan
  • San Juan parrokia: azaroaren 5ean, 17:00etan
  • Arabako Gorrak elkartea (interpretearen laguntzarekin): azaroaren 10 eta 12an, 18:00etan, Aranbizkarrako AZSKn
  • Las Nieves parrokia: azaroaren 18an, 18:30tan.
  • Aranako AZSKn: azaroaren 23, 25 eta 30ean, 18:00etan.
Elkar ikusiko dugulakoan!

2015(e)ko urriaren 28(a), asteazkena

Artikulu interesgarria kalean!

Artikulu hau atera berria da, eta uste dugu komenigarria dela aditzera ematera.

Erorketen arazoa hobeto ulertzeko eta betiere, azkenengo helburua prebentzioa delarik, ikerlari batzuk (ikus esteka) Caídas en la población anciana española: incidencia, consecuencias y factores de riesgo” izeneko lana argitaratu dute.

Erorketen ehunekoa, maiztasuna eta erorketen arrisku-faktoreak ezagutzeko, euren etxebizitzan bici ziren 772 adineko espainiarrei jarraipen bat egin zitzaien. Urtebetez, eta hiru hilabeteko maiztasunez, honako aldagai hauek behatu zitzaizkien, telefono bidez egindako galdetegiekin: gaitasun funtzionala, erorketen historia, aurrekariak gaixotasunekin, botika kopurua, orekaren gabeziak, ibilkerarako laguntzak, gaitasun kognitiboa ella depresio-sintomak. Horretaz gain, epe horretan izandako erorketak, horien ondorioak eta behar izandako osasen-baliabideak ere ikertu ziren.
Emaitzak aztertuz, hainbat ondorio atera litezke. Lehenik eta behin, lagina osatzen zutenen %28,4 erori zen behin edo gehiagotan, eta 9,9%, berriz, askotan.
Bigarrenik, eta erorketaren arrazoiari dagokionez, erorketen herena kanpoko/inguruko faktoreengatik jazo zen, esaterako, izotza.
Bestalde, eta ondorioak aztertuz, erori zirenen %9,3 hezurrak apurtu zituzten (%3,1 aldaka), eta erdiak baino gehiago, hau da, %55,4, artatu beharra izan zuten. Halaber, artatu beha rizan zuten %29 larrialdietara joan behar izan ziren eta %7,3, berriz, ingresatu behar izan ziren.
Bukatzeko, behatu ziren arrisku-faktoreak ondo hauek dira: adina (>79 urte), bakardadea, bi botika baino gehiago hartzea, eguneroko ekintzak egin ahal izateko mugak, oreka eta indar eskasa eta laguntza teknikoren batekin ibiltzea.


Egia esan, Erorketak Ekiditeko Programado partaideak asko pozten gara horrelako ikerketak argitaratzerakoan, eta espero dugu, dugun informazio guztiarekin eta faktore anitzeko esku-hartzeekin, erorketak huskeria hutsa bilakatuko direla egunen batean.

2015(e)ko urriaren 19(a), astelehena

Aste honetarako plana



Erorketei buruz gehiago jakin nahi baduzu, aste honetan hitzaldi-sorta dugu El Pilarreko AZSK-n, Caracas kalean. Urriaren 19, 20 eta 22an izango dira hitzaldiak, 18:00etatik 19:30ak arte. Animatzen? Egunen bat galtzen baduzu, ez arduratu eta etorri ahal duzunean!


Resultado de imagen de CSCM El Pilar

2015(e)ko urriaren 14(a), asteazkena

Gaur goizean Urkide ikastetxean izan gara, gure programa azaltzen

Gure egitasmoaren oinarrietako bat lehen mailako prebentzioa da, hau da, ahal dugun heinean, informazioa eskainiz erorketak ekiditen saiatzea. Horretarako, eta aurreko urteetan egin dugun legez, gaur goizean Gasteizko Urkide ikastetxean izan gara, bertan abian dagoen Ariketa Fisikoko Zikloan gure Programa azaltzeko asmoz. Hurrengo astean, saio praktiko bat egingo dugu, ariketa fisikoaren bitartez erorketak nola lantzen diren ikasteko.


2015(e)ko urriaren 13(a), asteartea

Pasa den astean "Noticias de Álava"-n...

 Gure programa pixka bat gehiago ezagutu nahi baduzu, hona hemen aitzakia ederra!

  • http://www.vitoria-gasteiz.org/a25/docs/000000000/000512000/512343.pdf
  • http://www.vitoria-gasteiz.org/a25/docs/000000000/000512000/512273.pdf

Ekin eta ekin, ekidin! Hasi da 2015-2016 ikasturtea!





Dena prest dugu eta bete dugu lehenengo astea lan eta lan. Ea zer nolako lauhilabetekoa dugun gure gazteekin. Jakinaren gainean izango zaituztegu!

2015(e)ko irailaren 28(a), astelehena

Dena hasteko prest (ia) !

Hilabete hau datorren ikasturtea prestatzen ibili ostean, gertu dugu ikasturtearen hasiera ofiziala. Hain zuzen ere, urriaren 5eko astean ekingo diogu lehenengo lauhilabetekoari (otsailaren erdialderarte).

Hauek dira aurten ere ditugun ordutegiak:

Txagorritxuko AZSK:

- Astelehen eta asteazkenetan
   - 10:00-11:15
   - 11:15-12:30
   - 16:30-17:45

Simon Bolibar:

- Astelehen eta asteazken
  - 11:45-13:00

- Astearte eta ostegun:
   - 10:00-11:15
   - 11:15-12:30


Oraindik ere leku batzuk ditugu betetzeke, beraz, interesa bazenute edo gustora etorriko litzateken norbait ezagutzen baduzue, jarri harremanetan gurekin.

Txagorritxuko AZSK: Mexiko kalea, 11 (945161452)
Simon Bolibar: Simon Bolibar enparantza, 6 behea (945204498)
emaila: programaprevencioncaidas@vitoria-gasteiz.org

Labur esanda, oreka eta hanketako indarra lantzen dituen ariketa fisikoa egiten dugu, ezaugarri anitzdun taldeak osatzen ditugu eta doakoa da. Animatu!

2015(e)ko irailaren 3(a), osteguna

Beste urte berri bat (V)

Egun on guztioi!!

Iraila iritsi da, oporrak bukatu zaizkigu, eta honenbestez, Erorketak Ekiditeko Programan beste ikasturte berri bati ekingo diogu.
Honako hau gure bosgarren urteurrena izango da, halako egun batean Xabier Gabiñak 2010ean ekin baitzion bide honi, baina gauzak asko aldatu dira ordutik eta apurka apurka gure bidea egiten gabiltza.

Aurten, berrikuntza bezala, Irati Armas (Osasun Parkeetan ere egongo dena) eta Beñat Garaio izango dira programaren ardura izango dutenak, baina ez dugu ahaztu nahi Aitorrek azken urte(et)an egindako lana. Zu noiz itzuliko zain gaude, mozete!

Irailaren 28an ekingo diegu klaseei eta aste hauetan klase horiek eta beste hainbat gauza antolatzen ibiliko gara. Gure berri izango duzue, zalantzarik ez!

Elkar ikusiko dugulakoan,

Irati eta Beñat

2015(e)ko uztailaren 15(a), asteazkena

Mila aukera!

Urteak daramatzagu adindunek zereginak izaten jarraitu behar dutela esaten, alde batetik modu inkontziente batean gorputza aktibo mantendu dezaten, eta bestalde, haien autoestiman ere eragin ona izan dezan.

Horretarako, leku ezinhobea dugu Gasteiz!

Hona hemen Gasteizko Adindunentzako Zentro Soziokulturaletan aurkitu daitezkeen ikastaro guztien link-a:





2015(e)ko uztailaren 7(a), asteartea

Oporrak!

                                               Heldu dira, dagoeneko, ikasturte honen oporrak!

Alde batetik, "lehen-prebentzioa" esaten diegun TXARLA ZIKLOETAN, 305 PERTSONA parte hartu izan dute egoitza edota zentro ezberdinetan.


Beste aldetik, "bigarren-prebentzio" horretan, hau da, heziketa fisikoko tailerretan, 156 IKASLE berri izan ditugu aurten.


Jakin dezazuen, uztailan zehar txostenak egin eta urte osoko ondorioak atera eta gero, abuztuan hartuko ditugula oporrak. Baina, horien bueltan, Irailaren bukaeran hasiko den lauhilabete berrirako ikasle zerrendak lotzen hasiko gara.

Animatu nahi bazarete, deitu edota gure aretoetatik pasa zaitezte!


2015(e)ko ekainaren 18(a), osteguna

Buruaren indarra

Asko dira gaur egun norbere gorputzak asaldatu ahal dituzten arazo zein buruhausteak: mota askotako gaixotasunak, alergiak, infekzioak, gorputz atal ezberdinetako edozein hausturak… baina guzti horretaz aparte, badago problema ezberdin hauek non eragin negatiboak erakar ditzaketen ere. Gizakiaren buruaz ari gara, nola ez.

Aspaldi, politikari estatu batuar batek, honi buruz aipu bat idatzi zuen:

“Gizakiak ez dira patuaren gatibu, norbere buruaren gatibu baizik.”

Gai honek, nahiz eta konturatu ez, adindun askori erasaten die eta ez bakarrik erorketen alorrean, baizik eta egunerokotasuneko edozein ekintzatan ere eragina duela ikusi da.

 Gainera, segun eta guregan zein indarretan erasotu, desoreka handiak sor ditzake, depresioa bezalakoak, non borondate eta animu pila beharko diren beheraldi edota desoreka hauek gainditzeko.

Estatistikek diotenez, gehien kezkatzen edota beldurtzen dituzten aldaketak zeintzuk diren galdetzerakoan, adindun gehiengoen burutik hurrengo hauek gehiagotan entzun ziren:

  • Autonomia galtzearen beldurra: norbere kabuz mugitu ahal ez izatea eta norbere egunerokotasunaz disfrutatu ezina.
  • Memoria galtzearen beldurra
  • Gaixotasun mingarriak izatearen beldurra

Hori dela eta, zahartze prozesuaren arazo nagusia, norbere independentziaren galerarekin eta zaintzak behar izatearekin lotzea dela esan ahal da. Kontuan izan behar dugu, noski, adindun askok badituztela bere ardurapean beste pertsona batzuk: seme-alabak haien etxean, ilobak edota behar ezberdinak dituzten aita-amak zein aitaginarrebak zaintzea…

Askotan gertatu izaten da, nahiz eta beste pertsonak zaintzea, nagusiki ilobak badira, zahartze aktiboaren gidetan aurkitu ditzakegun puntu garrantzitsu bat izanda ere, agure edo atsoek jasanezinak suertatzen zaizkien kargak bilakatu izana.

Bestalde, arrisku-gaixotasunei buruz galdetzerako orduan, hurrengo esamesak entzun dira:

·        Kezka gutxi izan ohi da arrisku-gaixotasunen inguruan.
·        Minbizia bezalako arrisku-gaixotasunei arreta gehiago jarri beharko litzaieke, eta ez hainbeste mina sortu dezaketen aldi bateko gaizotasunei edota kronikoak direnei.

Datu hau garrantzitsua da adindunek gaixotasunei buruz duten informazio falta frogatzen duelako eta, horrekin batera, txertatze-tasa baxua azaldu ere egiten du. Geriatria eta Gerontologia Espainiar Elkarteak, gaur egun adindunen %60-70ak bakarrik txertatzen dela dio, eta Osasunaren Munduko Erakundeak gutxienez espainiar adindunen %75ek txertatu beharko liratekeela uste du. 
Kontu honetarako konponbidea, familiako medikuaren partetik informazioa egokitzean legoke.
 
Hirugarren adinaren inguruan dauden beldurrak edota klixeak deuseztatzeko bidea luzea dela badakigu eta belaunaldi gazteekin lan egin beharreko kontuak badirela ere badakigu. Hortaz, urteak betetzearen onurak transmititzea hartu dugu helburu. Horretarako, hona hemen norbere zahartzea ospakizun arrazoi, eta ez tristura, izateko 10 zio.
1: Zahartzeak, bizitzaz gozatzen jarraitzen dugunaren froga.
Zahartzeak gaitasun fisiko batzuk galtzea eta min edota gaitz batzuei ohitu behar garela esan nahi du, baina gaixotasunak hartzeko beldurra aparte utzita, gure adina aurrera joatea, gauza bakar baten ondorio da: bizirik gaudela. Eta honako hau, gure 10 zioen lehenengo postuan egon behar dela uste dugu.
2: Zahartzeak, denbora libreaz gozatzeko aukera ematen digu.
Zahartzeak, askotan, erretretarekin loturik egon ohi da modu negatibo batean, gauzaez sentimendu batekin asaldatzen baitu norbere auto-estima. Hala ere, gure pentsaera positiboa imitatuz, zergatik ez dugu, aldaezin dugun egoera hori, beste ikuspuntu batetik begiratzen?: erretretak, edo gure ikuspuntutik esaten diogun moduan, lanaren edo mota horren ardura neke horien gabetzeak, ondo kudeatu behar dugun denbora libre baten aro berri bat irekitzen du.
Kontuz izan, denbora libre izatea ez du zertan asperraldia ekarri.
3: Zahartzea, gauza berriak ikusten jarraitzeko unea
Aurretik izan dugun denbora libre guzti hori bat-batean izatea, helburu zein erronka berrietara bideratu behar da. Gure gorputza zein gure osasuna zaindu ez ezik, zergatik ez diogu geure buruari orain arte ezagutu ez dugun edozer ere oparituko? Beste herrialdeetara bidaiatu, teknologia berriak erabiltzen ikasi… presarik gabe eta motibazioarekin, bururatutako edozein proposamen aurrera eramateko aukera izango dugu.
4: Zahartzeak, denbora-pasa berriak ezagutzeko aukera eskaintzen digu 
Agian irakurtzea beti gustatu izan zaigu, baina lana edota etxeko beharrak zirela eta ez genuen aski denbora gure nahietarako. Edo, beste adibide gisa, beti izan dugu lorezaintza edo baratzezaintza gustuko, eskulturak egitea edota koadroak margotzea… baina ez genuen ez astirik ez tokirik gure zaletasunetarako.
Hirugarren adinak gure hobbyetaz disfrutatzeko aukera berreskaintzen digu, aurretik aipatu dugun bezala, beste ardura asko desagertzen direlako. Ezin dugu ukatu gorputzeko gaitasunen galera ekidinezin hori, lehengo hamarkadetan izandako erritmo hori izatea ezinezkoa dugula baina, hala ere, mugikortasun murriztua izanda ere, burutu ditzakegun jarduera asko daude.
5: Zahartzea: esperientzia eta oroitzapenak metatzea da
Bizitza osoan zehar, momentu oro, bizi ditugun bizipenak oroitzapen bilakatzen dira eta, horregatik, barneratzen ditugun oroitzapen horiek  ahalik eta dibertigarrien, alaien eta paregabeen izatea saiatu beharko gara. Hori guztia lortuz, bizitza topera gozatu dugula konturatuko gara eta, bakarrik egunak pasatzen ikusi baino ez, harrotasunez eta gogobetetasunez  sentituko dugu gure burua.
6: Zahartzea, jakituria partekatzearen bidea
Urteak esperientzia dakarte, eta esperientziak ezagutzak eskaintzen dizkigu. Asko dira, bizitzan zehar ikasten ditugunak, eta, beraz, 70, 80 edota 90 urterekin, asko dira ere egoera ezberdinetarako egokitu ahal ditugun aholkuak.
Erlazio intergenerazionalak, gaztetasunaren freskotasuna eta zahartzaroaren esperientzia, jakituria eta ilusioa nahasteko aukera ematen digu. Gazteei adindunetatik ikasteko aukera ematen die, hauek etorkizunerako erreferentzia baitira.
7: Zahartzeak, historiaren parte bilakatzen gaitu
Ahozabal ari garela irudi liteke, baina sakon aztertuz, esan genezake aiton-amona guztiak gure historian eragin izan dute, modu batean ala bestean. Ez zuten zertan politikari edo enpresaria izan, mundu guztiak, bere keinu eta erabakiekin, parte hartzen du munduaren eraikuntzan.
Pentsatu, azkeneko 80 edota 90 urtetan, zenbat aldaketa sozial bizi izan ditu agure batek? Izan al dugun historia libururik hoberena, gure aiton-amonak dira, horretaz seguru gaude gu.
8: Zahartzea, zure etorkizun propioa sortzea da
Zahartzarora iristean (nahiz eta ezin den finkatu hirugarren adina asteko une zehatzik), gure esku dago gehiengo erretiratuen bizimodu geldoa jarraitzea ala geldotasun hori apurtzea zahartzaroa ez duela ahultasuna esan nahi errebindikatuz.
9: Zahartzeak, ardurak eta eginkizunak eskuordetzearen aukera eskaintzen du
Ez al ditugu urteak pasatzen gure eguneroko jarduerak hain nekagarriak eta estresagarriak diren ala ez diren kexaka?  Hirugarren adina, ditugun kezka, ardura, buruhauste guzti horiek burutik kentzeko une ezin hobea da. Bizitzeko momentu honetan, guk gustuko ditugun betebeharrak bakarrik bete beharko genituzke eta, beste guztiak, beste pertsonetan eskuordetu.
Hori guztia, gainera, ez du zertan lotsa edota buru-estimu mintzeko zio izan, baizik eta, gure mugak onartzea eta beste edonoren laguntza aintzat hartzea gure heldutasuna erakusten du.
10: Zahartzea, erronka berriak gainditzea da
Haurtzaroan, jolas berri bakoitzak erronka berria dakar eta energia asko eta jarraitasunarekin bakarrik lortuko genuke zailtasun berri hori gainditzea. Nerabezaroan ere, garai koloreanitz eta aldakor horretan, aldaketa asko izaten dira non ahalik eta hobeto egokitu behar garen. Gaztaroan, non lehenengo aldiz erabaki garrantzitsuak hartu behar diren eta erabaki horien ondorioak onartu.
Etapa guzti hauekin alderatuz, lasaitasunez (baina ez horregatik aspertuz) paseatzeko ordua dakar zahartzaroak. Erronka berri eta ezezagun bat dugu garai honetan, non bakarrik esfortzua eta sendotasunarekin aldaketa sozial eta pertsonaletara egokitzen lortzen duenak lortuko duen garaipena.
Bizitasuna eta jakin nahia mantenduz eta landuz, topatzen diren erronka guztiak (berdin du 9 urterekin edo 90rekin) motibazio itzelak izango dira etorkizunera begira jarraitzeko







2015(e)ko maiatzaren 27(a), asteazkena

Aurrera goaz!

Pixkanaka-pixkanaka, egunero egindako lanak eta esfortzuak lagunduta, edozein gaitasun edota egoera aurrera doa. Horrelako zeozer gertatzen ari zaie Gasteizko udalatxeari eta Sirimiriko lagunei: Gasteizen indartu dituzten adinekoen zentroen sarea gero eta handiagoa bilakatzen ari da.

Oraingoan, talde hauen bilakaera Arriaga-Lakuan ireki duten Adinekoentzako Zentro SozioKultural berrian zentratu da.


Eta, noski, Erorketak Ekiditeko Programatik, ez ginen berri horretatik urruti egon nahi! Horregatik, bertan beste txarla ziklo bat eskaintzea pentsatu dugu. Gure tailerra zentroa estreinatuko duena izango da eta Ekaineko 16, 18, 23 eta 25ean izango dira tailerraren egunak:

  

2015(e)ko maiatzaren 18(a), astelehena

Osasun Parkeak

Konturatu al zarete zenbatetan aipatu dugun jarduera fisikoa gure sarrera guztietan zehar? Edo, zenbatetan azpimarratu dugun erorketen inguruan prebentzioaren garrantzia?

Hainbestetan egiten bada, ez da kasualitatez izango. Berdin du non irakurri zein non informazioa bilatu, beti irakaspen berdinarekin egiten baitugu topo: burua aktibo izateak eta ariketa fisikoa bidezko prebentzioak duen garrantzia itzela da.

Aisialdia dela eta, Vitoria-Gasteizen badira 15 zentro soziokulturaleko sare handi bat non adineko jendeak jarduera, kurtso, txarla…  pilo bat topatu ahal dituen, norbera bere gorputza eta burua aktibo mantentzeko. Gainera, erorketen prebentzioarekin erlazio zuzena duen sail bat badago, aurretik aipatutako programa soziomotriz programaren barneko saila: OSASUN PARKEAK.

Osasun parkeak, Gasteiz osotik banatuta dauden 7 parke (gaur egun, 2015ean) dira, non adinekoentzat egokitutako tresna ezberdinekin hornitutako guneak topatu ahal ditugun. Bertan, gorputz osoa landu eta garatzeko aukera badago.

Une honetan dauden osasun parkeak hurrengoak dira:

  • Arana Osasun Parkea (Astelehenetan10:30etatik 11:30etara)
  • Zaramaga Osasun Parkea (Asteartetan 10:30etatik 11:30etara)
  • Abetxuko Osasun Parkea (Asteartetan 11:45etik 12:45era)
  • San Kristobal Osasun Parkea (Asteazkenetan 10:30etatik 11:30etara)
  • Koroatze Osasun Parkea (Ostegunetan 10:30etatik 11:30etara)
  • Ariznabarra Osasun Parkea (Ostiraletan 10:30etatik 11:30etara)
  • Pilar Osasun Parkea (Ostiraletan 11:45etik 12:45era)

Parke bakoitzean, aipatutako ordutegietan, badago monitore batekin lan egiterik, zeinek tresna bakoitza modu egokian erabiltzen irakatsiko duen. Horretaz aparte, parke bakoitzari dagokion zentroan edota hiriko web gunean erabilgarri izan ditzaketen erabilpen fitxak eskatzerik badago ere:



2015(e)ko maiatzaren 11(a), astelehena

Norberak zaintzeko arrazoiak

Noizbait izan al duzue zerbaitetan hain aktibo, hain murgilduta egotea non leku guztietan ikusten duzuenaren sentsazioa?

Ba, Gasteiztik gero eta gehiagotan gertatu izan zaigu adindunen erorketen gaiaren inguruan.

Eta ez da harritzen gaituen ezer, zenbat eta gehiago irakurri, ikertu eta informazio gehiago lortu, orduan eta argiago baitugulako munduko edozein lurraldeetan eta ahalik eta jende gehienarekin lantzeko gai bat dela.

Gainera, ez gara bakarrak! Gero eta pertsona edota kolektibo gehiago gara honi buruz miatzen dugunok eta EZ ERORTZEAREN garrantziaz jendea konzientziatzen saiatzen garenok. Adibidez, Familia- eta Komunitate- Medikuntzaren Elkarte Espainiarrak:


2015(e)ko apirilaren 13(a), astelehena

APIRILERAKO jarduerak

Aste Santu honetan zehar izan dugun atsedenalditxo honetan, indarrak, nahiak eta gogoak berpizteko aukera izan dugu.

Hilabete honetan zehar, jarduera fisikoa egiten dugun Erorketak Ekiditeko tailerren ekuatorea gurutzatuko dugu eta, txarla zikloak direla eta, 4 zonalde ezberdinetan programatu ditugu:
  • HERMANITAS DE LOS POBRES zaharren egoitzan: apirilaren 7tik 10era goizeko 11:00etan.
  • SAN CRISTOBAL adinekoentzako zentro sociokulturalean: apirilaren 13 eta 15ean arratsaldeko 18:00etan.
  • TXAGORRITXU adinekoentzako zentro sociokulturalean: apirilaren 14, 16, 21 eta 23an arratsaldeko 18:30etan.
  • HERRANDARREN adinekoentzako zentro sociokulturalean: apirilaren 20 eta 22an arratsaldeko 18:00etan.

2015(e)ko martxoaren 4(a), asteazkena

MARTXORAKO jarduerak

Eta gure borrokarekin aurrera! Jendea sentsibilizatzeko asmoarekin jarraituz, jarduera ezberdinez betetako hilabete honekin bueltan gara.

Simón Bolívarren zein Txagorritxun ditugun lau hilabeteko talde berriak beteta eta lanean ditugula aprobetxatuz, gure tailer teoriko-praktikoak eskaintzen hasiko gara berriro.

Hilabete honetarako, bi txarla-ziklo ditugu programaturik: bat BLAS DE OTEROko Eguneko Zentroan (Hileko astearte eta ostegunetan), bai LA HABANA Osasun Zentroan (Martxoak 4, 11, 18 eta 25, Asteazkena).

2015(e)ko otsailaren 18(a), asteazkena

Oinez ibiltzearen onurak

Ba al zenekien egunero  bakarrik 30 minutu ibiltzeak osasuntsu eta zoriontsu izaten lagundu ahal zaituela?

Ikerketa zientifikoen kalkuluen arabera, egunero 30 minutu ibiliz, bihotzaren gaixotasunak dakartzaten hildakoen kopurua %20an murriztu liteke.

Mugimendu gutxiko pertsonek, pertsona sedentarioek, ariketa fisikoa modu erregularrean egiten dutenen aldera, bihotzekoak emateko arrisku bikoitza dutela adierazten dute ikerketa askok. Jakina da, bihotzekoa izan duten pertsonetan ere, jarduera fisikoa egiteak, hilkortasuna murrizten duela.

Hala ere, ez da erreza gure bizimodua aldatzea: gaur egun gaizki elikatzeko ohitura eta sedentario izatetik ariketa fisiko apur bat egitera pasatzea ez da erreza.

Ze ariketa mota da komenigarri?

Adostasunak badira non ariketa suabea, konstantea eta erregularra izan behar duten. Esfortzu handia eta bihotzaren taupadak izugarri igotzea suposatzen duen ariketa bat ez da batere gomendagarria.

Egunero 30 minutu ibiltzeak aukerarik hoberena da, bihotzerako bakarrik ona ez den terapia. Hipertentsibo eta diabetikoentzako ere bada onuragarria, baita norbere pisua mantendu nahi dutenentzako eta arin mantentzeko ere. Ibiltzea gure hezur-egituraren doitze lana da, artikulazio guztien mugimendua laguntzen baitu. Beraz, zure bizkarrak eta bizkarrezurrak eskertuko lizuke.   



Inoiz ez da hasteko beranduegi. Sedentarioak diren pertsonek eta erregulartasunez ariketa fisikoa egiten hasten dutenek, berehala lortzen dituzte antzerako onurak beti aktibo egon diren pertsonekin konparatuz.

Eta gogora ezazu, egunero ibiltze sinplearekin, zure oreka hobetzea lortuko duzu, eta horri esker, erortzeko arriskua nabarmen murriztea!

2015(e)ko otsailaren 9(a), astelehena

Hasiera berri bat

Konturatu ere ez! Jokuak eta ariketa batzuk direla medio, 2014-2015 kurtso honen erdira heldu gara. Pasaden astean, elurrarekin jolasten, eta tristura apur batekin ere, lehenengo lauhilabeteko taldeak agurtu behar izan genituen hemendik aurrera, otsailak 9, Astelehena, Simón Bolívar-eko eta CSCM Txagorritxuko aretoak beteko ditutzten 72 ikasle berriekin biltzeko.

Ongi etorri guztioi, eta lanera!!

2015(e)ko urtarrilaren 12(a), astelehena

Zure bizkarra zaindu (2)

Dagoeneko apur bat gehiago ulertu dugula bizkarraren inguruko teoria (ikus aurreko sarrera), badakigu bizkarra duen organorik garrantsitzuena bizkarrezurra dela horretan oinarritzen baita gure gorputz osoko sostengua eta gure orno-muinaren babesa.

Hurrengo argazkian ikus dezakegun moduan, bizkarrezurra orno izena duten "bloke" ezberdinez osatuta dago, eta horietako bakoitza gihar ezberdinez inguraturik eta babesturik dago.
Horregatik, gorputzeko beste edozein artikulazio edo gihar, hauek ere indartu eta landu behar ditugu. Horretarako, hezur hauek osatzen dituzten kurbetan fijatzea komeni zaigu, horrek lagunduko baikaitu bizkarrak duen alde ezberdinak ezberdintzen eta alde bakoitzeko ariketa motak egokitzen.

Nahiz eta teorian alde edota kurba asko ikus ahal ditugun, modu erraz eta ulergarri batean lantzeko, gu bi bakarrik ezberdinduko ditugu: goi-bizkarra eta behe-bizkarra.

Goi-bizkarra indartzeko, zaintzeko eta osasuntsu mantentzeko, alde hori erlaxatzeko ariketak landuko ditugu:
Goi-bizkarreko ariketekin bukatzeko, orno-zerbikalen luzaketa suabe batzuk egiten amaituko dugu:

Ondoren, behe-bizkarra landuko dugu ariketa ezberdin hauekin:


Zure bizkarra zaindu

Adina, lan mota, bakoitzak izan duen bizitza erritmoa, gure bizitzan zehar jaso behar izan ditugun pisuak, edota beste edozein kontu dela eta, jende asko bizkarreko mina pairatzen du. Egunerokotasunean, gure bizkarrak etengabe dabil lanean eta, horren ondorioz, arrunta da gainkargak edota minak sufritzea.

Berez, bizkarrak honetarako balio du:

  • Gorputza tente eusteko, eta bere mugimendua ahalbidetzeko.
  • Grabitate-zentroa finko mantentzen laguntzeko, geldirik zein mugitzen.
  • Orno-muina hezurren bilduki baten bidez babesteko.

Bere lana egin ahal izateko eta gorputzaren pisua eusteko, bizkarra sendoa izan behar da. Hori dela eta dago bizkarra hain hezur hauskaitz eta gihar indartsuez osatuta.

Horretaz gain, mugimendua ahalbidetzeko, bizkarrezurra malgua izan behar da. Horregatik, ezin da hezur handi eta tente bakarra izan, baizik eta 33 orno bereiz, bata bestearen gainean jarrita daudelarik eta muskulu zein ligamenduen sistema baten bidez sostengatua.  

Orno-muina babesteko ere, ornoek sistema berezi bat dute: haien erdian zulo bat, non muin hori iragaiten den.

Aipu gisa: bizkarrezurra aurretik ikusita, ornoak bikain lerrokatuta daudela ikus daiteke, bertikala osatuz. Hala ere, albotik ikusita, kurba batzuk osatzen dituzte. Antolaketa horrek, bertikalki jarritako edozein karga jasateko oso sendoa izatea ahalbidetzen du, malgutasuna eskaintzen baitio.

Karga hori, oso handia bada, kurbak behin-behinerako handitu daitezke, ornoak sufrituko duten presioa leuntzeko. Hori dela eta, herrialde batzuetan tradizionala zen kargak buruan garraiatzea. Horrela, grabitate-zentroa bizkarrezurraren ardatzean mantentzen zen, bizkarraren giharrei lan handia arinduz.

Bizkarra, hortaz, lerroan eta lotuta dauden hezur txiki horietaz osatua, oso organo sentikorra da bertan lesio bat izatekotan, oso arriskutsua izan daiteke, segun eta zein altueratan sufritu izana, ezgaitu geratu gaitzake eta.

Adindunen kasuan, guri gehien interesatzen zaigun atala denez, bizkarreko mina arrazoi askorengatik izan daiteke.

Gehien sufritzen ohi direnak hauek dira:

  • Bizkarrezurraren alterazio organikoa

    • Artrosia
    • Osteoporosia
    • Estenosi espinala

  • Geldi egoteak sortarazten duen bizkar giharren funtzionamendu desegokia

    • Gehiengoari arrazoi honengatik dute bizkarreko mina
    • Hori ekiditeko geldialdi luzeak saihestea eta ariketa egokiak egitea komeni da

65 urteko adindunen %90ak bigarren aukera sufritzen dutela balioztatu da. Albiste hona da hau, giharrak edozein adinetan berreskuratu zein entrenatu daitezkeela frogatu baitute egindako ikerketak.  Agurrek ere lortu dezakete entrenamendu programa egoki baten bitartez, bakoitzaren adinera eta osasun egoerara egokituz.

Zerk areagotzen du bizkarreko mina sufritzeko arriskua hirugarren adinean?

Egoera normaletan, bizkarraren funtzionamenduan parte hartzen duten gihar talde desberdinak, abdomena eta ornoen inguruko muskulatura, postura bat mantentzeko edota mugimenduan oreka mantentzeko haien artean koordinatzen dira. Koordinazio hau etengabe aritzen diren nerbio erreflexuen esku dago. Geldialdi luzeak gaitasun hori murrizten du, zerk modu desegokian edota ezorduan aritzea sortarazten duen, kontrakturak sortzea errazten.

Honengatik guztiagatik hain entzunda daukagu “adina” dela guk daukagun arazorik handiena, bizkarreko minari buruz ari garen bitartean. Adina dela kausa, adindun asko aldaketa batzuk pairatzen dituzte:

  • Masa muskularraren galera
    • Bizkarrean eta abdomenean indar gutxi
    • Gainkargak eta kontrakturak sufritzeko erraztasun handiagoa

  • Geldialdi fisikoa gero eta luzeagoa
  • Alterazio organikoa sufritzeko probabilitate gehiago

Adindunek, bizkarreko mina ekiditeko edota tratatzeko, zer ahal dute egin?

  • Geldialdia ekidin eta fisikoki aktibo mantentzen. Gogora ezazu ariketa fisikoa norberen erara egokitu behar duela, eta hoberen, ibiltzea, igeri egitea, bizikleta, … bezalako ariketa aerobikoak egingo bagenitu.
  • Higiene jarrera ezagutu eta betetzea.
  • Bizkarraren giharrak mantentzea.

Argi izan beharko genuke etsipena ez dela gomendagarria, adindunen min gehienak ongi tratatu baitaitezke eta zenbat eta beranduago hasi, tratamendua zaildu egiten baita. Hau da, bizkarreko mina normala dela  ustea eta ez tratatzea oker bat da, hoberena ahalik eta azkarren konpontzen saiatzea baita.