2014(e)ko maiatzaren 8(a), osteguna

"Ez naiz gehiago eroriko, ez naiz gehiago eroriko, ez naiz..."

Sarrera moduan, erorketen datu gehiago jarriko dizkizuegu, harik eta, irakurtzearen irakurtzeaz, buruz ikasten dituzuen arte.
Hau honela, edadetuen herenek erorketak izaten dituzte urtero, emakumeak eta adinean aurrera doazenenak arrisku gehiago dutelarik.. Erorketak saihesteko modu ona da bizi-kalitate ona mantentzea, gure orekak (eta ez gara soilik oreka fisikoari buruz ari) zeresan handia baitu. Horretaz gain, gure inguruko arriskuez eta erorketen arrazoiez jabetzea ere oso lagungarria da. (CERANSKI & HAERTLEIN,2002)
Nagusi gehienek erortzeko beldur handia adierazten dute, eta horren ondorioz, etxean gelditzen dira eta beraien egoera fisikoak okerrera egiten du (ikus Kennedy Sindromeari buruzko sarrera). Horrek ez du beraien erortzeko arriskua handitu besterik egiten, handitzen eta handitzen doan elur-olde handi xamarra bihurtuz. (CERANSKI & HAERTLEIN,2002)

Erorketa bat, baina, ez da arrazoi soil batengatik gertatzen. Ez. Erorketa faktore ugariren konbinaketa da, zeinetan funtsezkoa izango den arrazoi guztien azterketa sakona egitea ondorioa hobeto ulertzeko, baita eskuhartzea zintzoago eta zehatzago finkatzeko ere. (GINÉ-GARRIGA; GUERRA, 2010)
Horren harira, askotan erorketak ekiditeko programa asko lehenengo mailako eskuhartzera (hitzaldiak eta sentsibilizazioak, alegia) mugatzen da, baita erorketen atzean egon daitezkeen hamaika arrazoiak batera jorratzera. Hala ere, ikusi da eskuhartze multifaktoriala ez dela eraginkorra izaten erorketak gutxitzeko. (GOBIERNO; PÉREZ DE LAS CASAS et al., 2010)


Horren aurrean, badago irtenbidea, izan ere, Specificity-of-training-principle delakoak, dio ibilera azkarra igo egiten dela ibilera kadentziaren maiztasun altuagoa entrenatu egiten denean. Era berean, pentsatzekoa da gauza bera gertatuko dela oreka eta hanketako indarra berariaz lantzen ditugunean. Horrek zer esan nahi du? Entrenamendua alor zehatz batetara bideratuta dagoenean aukera gehiago ditugula esparru hori hobetzeko. (GINÉ-GARRIGA; GUERRA, 2010)
Adibide bat jartzearren, eta lehen aipatu dugun koordinazioa lantzeko, bi ekintza edo gehiago egin ditzakegu batera, hau da, multitask delakoa. Horrela, koordinazioa hobetu egiten da eta gainera, fisikoki hobetzeaz gain ohitze neuromuskularra garatzen da. (GINÉ-GARRIGA; GUERRA, 2010)

Orain arte, sarrera honetan zehar norberaren fisikoa besterik ez dugu aipatu, baina luzeago aipatuko dugu gerora ere. Orain, artikulu baten laguntzarekin, pertsonaren gaitasun mentalak nola landu azalduko dugu, betiere erorketak ekiditera bideratuta.

Terapeutek pertsona-ingurua-lanbidea hirukotea azpimarratzen dute gaitz eta gertaera gehienen atzean dagoen arrazoi bezala, beste batzuk zuzenean ariketa fisiko ezari, medikazioari, ikusmen urritasunari eta etxeko arriskuei leporatzen dizkiete erorikoak. Dena den, oro har faktore multidimentsionalak eta intrintseko + estrintsekoen arteko konbinaketa bat izan ohi da. (CERANSKI & HAERTLEIN,2002)

Nagusien errutinak antolatzerakoan kontuan hartu behar diren hiru gauza garrantzitsu osasun egoera, inguru fisikoa eta egingo diren ustezko ekintzak izango dira, azken hauek zehatzak izatea komeni delarik, orduan eta eraginkorragoak baitira entrenamenduak eta orduan eta gehiago igotzen baita autokonfiantza. Progresiboki gauza gehiago egin behar dira, gaitasunez ohartuz eta kontzientzia piztuz. (CERANSKI & HAERTLEIN,2002)

Autokonfiantza aipatu dugunez gero, eta erorketen atzean norberaren gaitasun kognitibo eta psikologikoak daudenez, horiek ere landu beharrean gaude, Specificity-of-training-principle delakoa jarraituz.
Izan ere, zer egin beldurrez josita dagoen agure batekin? Eta bere buruarengan konfiantza falta ikaragarria duen beste batekin? Kennedyren Sindromeko gurpil zoroan harrapatuta dagoen pertsona batekin ba al dago zereginik?



Konfiantza lortzeko eta beldurrak uxatzeko bi kontzeptu azaldu beharrean gaude. Alde batetik Banduraren Autokonfiantzaren Teoria dugu, zeinek esaten duen gure usteak emaitzen eta autokonfiantzaren espektatibetan dutela jatorria (CERANSKI & HAERTLEIN,2002). Beraz, erortzen den pertsona batentzako, garrantzitsua izango da bere burua gai dela ikustea eta hori bera sinistea. Hau honela, konfiantza hau lortzeko Pygmalion efektuak eta metakognizioak duten garrantzia nabarmena da. Izan ere, Pigmalion efektua oso arma boteretsua da. 
Horrela definituko genuke:
Gizarte guztietan rolek portaera-arauak inposatzeaz gain, gizarte klaseei eusteko balio dute. Pigmalion efektuak sozializatzeko eta gizartearen igurikapenetara egokitzeko prozesu baliagarria da eta itxaroten denaren arabera dago oinarriturik bere teoria, espero denarekin lotuta, hain zuzen ere” (Buenas tareas, 2012)
Hau ikusita, agure baten bilobek, seme-alabek, bizilagunek, erizainek eta abar luze batek itxaropen positiboa helarazten badiogu pertsona horri, bai hitzez, bai jokaeraz, adineko horrek ikusiko du jendeak bera ez dela gehiago eroriko sinisten duela, eta horren arabera aldatuko du bere jokabidea, azken ondorioa erorketen murrizketa nabarmena delarik.
Bestalde, Ikaskuntza Sozialaren teoria dugu, zeinek praktikan oinarritutako lezioei, imitazio bidezko ikaskuntzari, keinuak eta sintomak ondo irakurri beharrari eta familiak eta profesionalek izan dezaketen eraginari aitortzen dion protagonista errola (CERANSKI & HAERTLEIN,2002). Beste adibide bat jartzearren, pertsona bati, erorketak ekiditeko programa sozial batean jarraibide batzuk erakusten badizkiogu, bere erortzeko arriskuak behera egingo du nabarmen.


Horretaz gain, konfiantza eta ikaskuntza uztartzeaz gain, adineko jendea oso ondo ezagutu behar da. Horretarako, autohautemate egokia sustatu behar da, zein galdera zehatzen bidezko erantzunekin lortuko den.
Izan ere, aldaketa asko gertatzen dira adinean igo ahala, izan gaixotasun, egoera fisikoa edo egoera pertsonala, eta askotan, aldaketa horien ondorioz erorketak izaten ditugu.

Bukatzeko, mapa kognitiboa delakoak ere erorikoak izateko aukerak handitzen ditu. Izan ere, ingurua nolabait gogoratzen dugu eta mapa edo eskema honek gure ekintzak bideratzen ditu. Horregatik, ingurua aldatzean pertsona hori ez da ohartzen eta erori egiten da. Hau dela eta, pentsa zeinen garrantzitsua den adinekoak inguru horretaz ondo hausnartzea eta aldaketez jabetzea. Halaber, gu ere kontuz ibili beharko gara aldaketa horiek mugatzeko, izan altzariak lekuz aldatzea, alfonbra berriak erostea eta abarrekoak.


Ikusi duzuenez, erorketak ez dira fenomeno fisikoa bere osotasunean, eta pertsona bat buruz ondo dagoenean, osasunez ere ondo egon ohi da. Badakizue, Mens sana in corpore sano.


Bibliografia


BUENAS TAREAS. Pigmalion efektua [en línea]. Diciembre del 2012. [Consulta: 2014-03-03].  http://www.buenastareas.com/ensayos/Pigmalion-Efektua/6696643.html
CERANSKI, Sandy & HAERTLEIN, Carol. “Helping older adults prevent falls”. OT Practice (American Occupational Therapy Association –AOTA-). Volume 7: 2002 Issue 13, 12-17 pag.

GINÉ-GARRIGA, María; GUERRA Míriam et al. The Effect of Functional Circuit Training on Physical Frailty in Frail Older Adults:A Randomized Controlled Trial”. Journal of Aging and Physical Activity, 2010, mnº 18, pag 401-424.

GOBIERNO, Jesús; PÉREZ DE LAS CASAS, María Ofelia et al... " ¿Podemos desde atención primaria prevenir las caídas en las personas mayores?". Elsevier [en línea]. Mayo del 2010. volumen 42, nº 5. [Consulta: 23 de Mayo del 2012] http://zl.elsevier.es/es/revista/atencion-primaria-27/podemos-atencion-primaria-prevenir-las-caidas-las-13149822-originales-2010

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina