2014(e)ko azaroaren 26(a), asteazkena

ONDO IKUSI, EZ ERORTZEKO (II)


Erorketak direla eta edota sozialki harremanetan jartzeko orduan, ikusmena oso zentzumen garrantzitsua dela ikasi dugu aurreko sarreran. Hori dela eta, gure begiak oso ondo zaindu behar ditugu, ikusmena ahalik eta hoberen denbora luzean iraun ahal izateko.

Gorputz osoko beste atal guztiekin gertatzen den bezala, begiari indarra eta mugitzeko gaitasuna emateko arduradunek muskuluak dira.
Horren arabera, ulergarria izan zaigu gihar horiek landu behar izana. Horrek lagunduko digu zenbait patología ekiditen, adibidez: presbizia, kataratak, ikusmen nekatua, ikusmen lausoa, azkura, begi gorriak… gehiegizko esfortzuaren eraginez sortuak.

Ekidite hau lortzen da nagusiki begien giharren erlaxaziora zuzendutako ariketa batzuekin. Hona hemen horietako batzuk:

Begiaren ingurua berotzen hasiko ginateke masaje suabe baten bidez.

Beroketa. Aulkian eseri. Eskuak igurtzi ahurretan berotasuna sentitu arte. Begiak itxi itzazu eta eskuekin estali. Indarrik ez egin eta saiatu, sudurra tapatu gabe, argi izpirik sartzen ez uzten. Egin beharrekoa, iluntasun sakon bat irudikatzea da eta horretan begirada murgildu. Astiro arnasa hartu eta erlaxatu zaitez 3 minutuz inguru.
Kontzentratu garen orduan eta begiak prest ditugula, hurrengo ariketekin hasiko gara suabe-suabe:


Begien mugimendua. Begiak ezker-eskuin mugitu (burua eskuekin heldu ahal da begiak bakarrik mugitzeko). Orain goitik behera. Horren ostean, begiak mugitu borobilak eginez, alde batera eta bestera. Ariketa guztiekin 10 aldiz.
Zure aurrean duzun pareta bati begira, begiekin idatziko bazenu bezala egin, burua mugitu gabe. Zenbat eta letra handiagoak egin, hobeto.

Egokitzapena. Zonalde bat minutu batez behatu. Saiatu zaitez hor dauden gauza guztiak ikusten, ahalik eta gauza gehien. Minutu bat igaro eta gero, zonaldea aldatu eta errepikatu. 10 aldiz.

Hori egin eta gero, behatu objektu edo puntu zehatz bat minutu batez. Puntu horretan bakarrik finkatu begirada, horren inguruari arreta jarri gabe. Minutu hori eta gero, beste puntu batekin probatu. 10 aldiz.
           
Horren ostean, argia itzali minutu batez. Berriro piztu beste minutu bat. Eta horrela jarraitu 10 aldiz.

Beste ariketa bat litzateke, aldizkari bat eskuan duzula, begietatik gertu irakurtzen hasi eta poliki-poliki, besoa luzatu arte urruntzea, irakurtzeari utzi gabe. Berriro gerturatu eta horrela 20 aldiz.

Begirada finkatu urrun dagoen puntu batean. Segundo batzuk pasa eta gero, astiro-astiro, zure eta puntu horren tartean dagoen beste leku hurbil batean, berriro finkatu. Segundo batzuk pasa eta gero berriro urrutiko puntura pasa eta joan aldatzen. 20 aldiz.

Begi-keinua. Begi bat itxi eta gero bestea. Horietako bat ixterakoan, indarrean egin ezazu, eta bestea, irekitzerakoan, erlaxatzen saiatu. 10 aldaketa egin.


Kliskatzea. Begiak itxi eta ireki. Indartsu itxi itzazu eta jarraian, ahalik eta gehien ireki. 10 aldiz.

Bukatzeko, ariketa multzo hau burutu eta gero, gomendagarria da erlaxazio ariketa batzuk egitea mugimendu eta masaje sinple batzuen bitartez:

Erlaxazioa: Lepoaren errotazioa. Errotazio mugimendu hauek erlaxazio modu egokia izaten dira, askotan lepoak tentsio asko pilatzen baita. Lepoaren atzealdean ere masajetxo bat egitea asko lagundu ohi du.

Begien ingururako masaje on bat izango litzateke, atzamarrekin edota hatz-koskorrekin borobil suabeak eginez, sudurraren goiko partearen alboetan, bekainen gainean, erdialdean edota hauek bukatzen diren kanpoaldeko partean, lokietan eta hezur malarren goiko aldean masajeatzea. Aurpegiko gihar tentsioa baretzeko balio du horrek eta praktika baliagarriak izaten dira begiak erlaxatzeko luzaro irakurtzen edo begiak esfortzatzen egotekotan.



*GOMENDIOAK:
-  Ur hotza. Egunean zenbait alditan begiak ur hotzez garbitzea gomendagarria da, horrela horien odol zirkulazioa pizteko.
-  Erlaxazio ariketa hauek saioaren hasieran eta bukaeran egitea gomendagarria da.
-   Ondoezik, minik edota zorabiorik sumatzekotan saioa bete bitartean, ekiteari utzi eta atsedena hartu beharko litzateke.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina