2014(e)ko irailaren 12(a), ostirala

Bueltatzeko garaia da!

Hain labur izan ditugun udako oporrak amaitzearekin batera, badator bueltan gure Erorketak Ekiditeko Programa. Aurten, urteetan zehar lan eta lan aritu zaigun gure Beñatek, Irati Armas eta Aitor Asteasuinzarraren esku utzi behar izan du programa, Londresen baitago bere burua hezitzen. Indarrak berreskuratu ditugularik, helduak gara iraila honetara 2014/2015 ikasturteari hasiera emateko. Urte honetan zehar, gure "erorketen aurkako brigadan" 156 ikasle berri (13 taldeetan) sartzea da gure nahia. Beraz, hori izango da dugun betebehar garrantzitsuena hilabetean zehar: ditugun taldeak pertsona berriekin bete.

Hortaz, gurekin batera 4 hilabete alai eta erabilgarri igaro nahi dituenak zenbaki honetan jarri gaitezke harremanetan:

ANIMA ZAITEZTE!

2014(e)ko uztailaren 7(a), astelehena

Gure Programa nazioartean egon da!

 
Pasa den ostegunetik ostiralera, Gasteizko Erorketak Ekiditeko Programa Almerian egon zen, CIISE izeneko Zahartze eta Osasunaren Inguruko Ikerketaren I Nazioarteko kongresuan. Bertan, 'Efectos de un programa de prevención de caídas en el ámbito comunitario' izeneko komunikazioa aurkeztu genuen, Fisioterapia mahai inguruaren baitan. Hitzaldia guk argitaratutako izen bereko artikulu zientifikoan oinarritu genuen. 

Ea esparru honetan gabiltzanon arteko elkarlana sustatzen dugun, eta azken finean, ezagutza sustatu eta erorketak ekidin!

2014(e)ko ekainaren 20(a), ostirala

Ez daukazu aitzakiarik ariketa pixka bat ez egiteko!

Urte honetan zehar hainbat ekimen jarri ditugu martxan, batzuk ohikoak eta beste batzuk berritzaileagoak. Horietako bat Erorketak Ekiditeko Entrenamendu Plana izan da, hau da, gure programak duen helburua betearazten laguntzen duen ariketa taula bat. Hurrengo ikasturtean zehar hasiko gara banatzen, baina bien bitartean, gure zentruetan badago ikusteko aukera!
 Hona gure Aitor, egindako lanarekin pozik!

2014(e)ko ekainaren 18(a), asteazkena

Kultura Zientifikoaren 2. jaialdia!

Nola? Ez duzula ekimen interesgarri honen berri izan oraindik?
Euskaraz dagoen materialari erakuslehio bat ematearren, bakoitzaren ekarpena partekatzea ezinbestekoa da, eta geldika-geldika lortuko dugu guk ere materiala gure hizkuntzan arazorik gabe irakurtzea.
Hain zuzen ere, blog hau arrazoi horrekin sortu zen, eta jaialdiari ekarpen xume bat egiteko asmoz, gure programa azaltzen duen eta 2012-2013ko datu batzuk partekatzen dituen prezi aurkezpena erabiliko dugu. Lasai, ikasturte honetakoa bukatu bezain pronto hemen izango duzue eskuragarri!

Laster arte, ikasle!

Tira, ba! Honenbestez gure ikasturtea amaitu zaigu eta gure ikasleen oporretarako momentua heldu da! Ikasturte honetan zehar, 14 talde izan ditugu, 170 pertsona inguru, eta beraien oreka eta hanketako indarra landuz jardun ostean, bere bilakaera fisikoa aztertu genuen test batzuen bidez. Hori izango da, alajaina, gure udarako lana: txostena egin eta azterketen emaitzen ondorioak atera.
Abuztuan hartuko ditugu oporrak, baina gogoratu irailean hasiko garela urrian hasiko diren klaseak antolatzen eta taldeak lotzen.
Eskerrik asko bihotzez gure ikasle guztiei urte polit eta amankor honegatik. Hobeto zaudetela ikustearen pozarekin agurtuko dugu elkar!

2014(e)ko maiatzaren 15(a), osteguna

Erorketak, gai mamitsua (IV): nola ekidin

Aurrekoa
Badirudi orain arte erorketak oso modu ezkorrean ikusi ditugula eta datu kezkagarriekin irakurlea abailtzen saiatzen ari garela, baina errealitatea oso ezberdina da, eta berri onekin gatozkizue oraingoan, izan ere, erorketak ekidin, ekidin daitezke. Eta hogei aldiz erori izanagatik ere, ez du esan nahi hogeita batgarrenez erorkiko garenik!

Hain juxtu, ariketa fisikoak,%15-27an jaitsi ditzake erortzeko aukerak; eta are gehiago, prebentzio programek %40ean murrizten dute arriskua (GINÉ-GARRIGA & MARTÍN BORRÁS, 2008).
Horren harira, beste ikerketa batek (SIELBLEU CATALUNYA, s.d.) dio ariketa fisikoak erorketen %17an gutxitu ditzakeela, eta %20a eta 40aren artean jaisten duela hezurren apurketak izateko arriskua.

Erorketak, gai mamitsua (III): ondorioak

 Aurrekoa                                                                                                                      Hurrengoa
Luze hitz egin dugunez erorketen jatorrien inguruan, orain ondorioez jarduteko ordua iritsi da, eta ikusiko denez, zerrenda oso luzea da. Hasi baino lehen, gure hitzaldietan beti aipatzen dugu hiru motatako ondorioak daudela, hau da, fisikoak, psikologikoak eta ekonomikoak. Azken honen inguruan lasaiago hitz egingo dugu beste egun batean, baina bien bitartean, ea beste biei buruz zer ikasi dezakegun.

Zeintzuk dira, orduan, erorketen ondorioak? %5-8a apurketak izaten dira, 75 urtetik gorakoen kasuan emakumeen artean %40etan gertatzen direlarik, eta gizonezkoetan, berriz, %27a (CARDOSO, s.d.).

Erorketak, gai mamitsua (II): arrisku faktoreak

Aurrekoa                                                                                                                Hurrengoa
 Hainbeste zenbakirekin ziurrenik zorabiatuko zineten, baina hitz-jokoa eginda, zergatik zorabiatzen edo erortzen dira edadetuak hain maiz? Gure hitzaldietan, askotan gogoratzen dugu bi faktore mota daudela, norberarenak edo fisikoak eta kanpokoak edo ingurukoak, elkarri eragiten diotelarik. Zer diote, bada, adituek honen inguruan?

Gero eta erortzeko arrisku faktore gehiago, orduan eta arrisku gehiago erortzeko. Arrisku faktore horiek ariketa fisikoa, oreka, oinetakoak, osasuna, begiak, (argitasuna, urrun edo gertu ikustea, zenbateko gaitza, gauzak bereizi ahal izatea,…), botikak eta ingurunea lirateke (AUSTRALIAN GOVERNMENT, 2005). Ikerketa berberaren aburuz, erorketa gehienak bizitza sedentarioa duten edadetuek izaten dituzte, baina zergatik gelditzen dira etxean? Antza, etxezulo horien %20ak beraien mugikortasun eza hanketako gaitzei leporatzen die

Erorikoen atzean ere ahulezia sortzen duten bihotz arazoak, dementzia eta hipotentsioa, laberintitisa eta egoera fisikoaren kaskartzea leudeke, beste hainbaten artean (NSW Department of Health, 2006). Eta zalantzak argitzen hasi garenez gero, alkohola erorikoak errazten dituela egia al da? Bada, bai, egia da. Izan ere, koordinazioa eta oroimena gutxitzen ditu, efektu oro gehiegi handitzen ditu eta hezurrak mehetzen ditu.

Gaizki jatea arazoa eta errealitatea denean

Gaur egun, Europar Batasunak arazo larri bat du, betiko arazo ekonomiko eta politikoez gain, izan ere, 30 milioi pertsona daude desnutrizioak jota (Alfaro eta Vallés, 2010), zeintzuk 170 mila milioi euroko galera dakarten. Arazo larri hau Pragako Deklarazioaren bidez konpontzen saiatu ziren, fruituak oraindik jasotzeke dauden arren.

Elikadurarekin lotutako gaixoen sendatzea ez da oso erraz erdietsi historikoki, nutrizio eskasa izateaz gain, beraien jan kantitateak gorabehera handiegiak baititu, eta horrenbestez, pisu galera edo irabaziak gehiegizkoak dira.

Gure arlora hurbilduz, hau da, adinekoena, europar gaixo hauen %30-50a 85 urtetik gorakoek osatzen dute.
Medikuek, irtenbide bat topatzearren, metodo prospektiboak zein metodo erretrospektiboak erabiltzen dituzte (Alfaro eta Vallés, 2010). Lehenengoaren kasuan artatuak berak idatzi behar ditu jan eta berehala, bigarrengoa jandakoaren inguruko galdetegia den bitartean.

Zahartzea eta elikadura: beti mokoka

70 urtetik gorakoen energia %30ean gutxitzen da (Burgués, s.d.), altuerarekin eta pisuarekin batera. Gainera, duten kaltzio kontzentrazioak %40ko galera ikus dezake, hezurrek izan ditzaketen apurtzeko eta eraldatzeko aukerak asko haziz. Horretaz gain, grasa giharren kaltetan ugaritzen da eta ondorioz indarra eta malgutasuna galduz goaz, erortzeko arriskua ugarituz doan bitartean.
Burdina ere beheruntz doa eta anemiaz gain hemoglobinek izugarri egiten dute behera.

Adinarekin ere liseriketa egiteko gaitasuna behera doa, baina ez hori bakarrik, baita jatean ditugun sentimenak eta plazerra ere.
Izan ere, adinekoen artean elikadurarekin lotura duten gaitz franko azaltzen dira, hala nola, obesitatea (bai sagar itxura duen androidea, bai txermena formako ginoidea), diabeteak, hipertentsio arteriala, hiperkolesterolemia, pisu gutxiegi eta hesteetako eraldaketa.

Osasunak ezintasunak gutxitzearekin harreman estua du eta hau honela, zahartzaro osasuntsuak garrantzia handia du (Álvarez, Burgos eta Planas, 2011). Zahartzaro osasuntsuak bere baitan hainbat atal eta helburu izango lituzke, baina jo dezagun elikadurara, hau baita gaurko gaia.

Zahartzaroa: labur-labur

Zahartzaroa aho artean asko darabilkigun hitza da, baina komenigarria da gogoratzea bi zahartzaro mota daudela (Varela eta Alonso, 2009): lehen mailakoa edo intrintsekoa/fisiologikoa eta bigarren mailakoa (estrintsekoa) den patologikoa.

Halaber, zahartzaro eugerikoa dugula esaten da garrantzia handiegirik ematen ez diogunean eta osasunez ondo gabiltzanean, eta patogerikoa, ordea, beherakada sumatzen dugunean; bai fisikoki, bai mentalki.
Honen harira dator usual aging eta succesful aging kontzeptuen erabilera, zeintzuk adinarekin bat datorren eta adin beretsukoez oso gaindiz dagoen egoera fisikoari buruz hitz egiten duten, hurrenez hurren.

Endekatze prozesu hau 30 urterekin hasten da, eta heriotzararte jarraituko du, erritmo eta modu ezberdinean. Intrintsekoa da, kaltegarria denez peletereoa, progresiboa eta unibertsala, hau da, salbuespenik gabe denok zahartzen gara (Varela eta Alonso, 2009)

2014(e)ko maiatzaren 9(a), ostirala

Nola jorratu erorketak esparru instituzionalean?

Honako sarrera honetan, erorketak beste ikuspuntu batetik aztertuko ditugu, hain zuzen ere, erizaintzaren edo zainketen ikuspuntutik. Izan ere, ba al dakite erizain, sendagile eta laguntzaileek zer egin behar den erorketen aurrean?

Horren harira, ospitale eta erresidentzietako langileekin egindako ikerketen ondorioz, jakin da langileak ere erorikoenganako kezka dutela (Williams & Scudds, 2008). Halaber, jakin badakite saihesgarriak direla, nahiz eta zehazki jakin ez. Honen aurrean, argi dago beraiekin ere lana egin beharra dagoela.

Zaintza programetako langileek duten ardura handia da, handiegia batzutan, behintzat ikerketa batzuek esandakoa ondo aztertzen badugu. Izan ere, horietako %49k uste du erorketak saihestezinak direla (Australian Goverment, 2005). Beste galdera bati erantzunez, %51ak ariketa batzuk baztertzen zituen adinekoekin pentsatuz ez zirela gai izango.
Bi erantzun hauek gure buruan eduki behar ditugun bi akuilurekin egiten dute talka: erorketak saihestezinak dira eta haien ezaugarrietara egokitutako egoera fisikoa edonork egin dezake, askotan hobekuntza nabaria delarik beraien osasunean.

Erorketen ondorio ekonomikoak

Beti ere erorketei buruz hitz eginez, gizonezkoek hiltzeko %46 aukera gehiago dituzte, nahiz eta emakumeek eroriko eta lesio gehiago izan. Askotan aipatu den arren, badago eroriketak ekidin litezke, eta hori oreka eta hanken indarra landuz, botikak aztertuz, begiak zainduz, etxe ziurragoak osatuz eta kaltzio eta D bitamina janez, osteoporosia ekidinez eta pisuarekin egindako ariketa fisikoa eginez aldakak babestuz lortzen da (CDC, s.d.).

AEBtako ikerketa batera joko dugu orain, non 17 segunduro nagusi bat ospitalera joaten den erorketa bat izan eta gero. Zoritxarrez, 30 minuturo pertsona bat hilko da arrazoi berdinarengatik (CDC, 2005).

Gertakari larri hauek, baina, heriotzez eta beste zenbait ondorio fisikoez gain eragin ekonomiko izugarria dute. Hemen New South Wales eskualdeko (Australia), Australia herrialdeko eta AEBtako datu batzuk aipatuko dituhu.

AEBtan, adibidez, 2010ean 28,2 bilioi $ (gogoratu haien bilioiak gure mila milioi direla) joan ziren erorketek sortutako gastuengatik, baina 2020ean 55 bilioira iritsiko dira. Halaber, batez beste 9000-135000 dolar inguru behar dira gastuei aurre egiteko (CDC, s.d.).

Australian (Moller, 2003) 2050erako 2500 ohe gehiago beharko dira ospitaleetan erorketengatik ingresatuak artatzeko soilik. Erorikoek kontu publikoetan sortzen dituzten galerak eta zorrak saihestu ahal izateko, herrialde berdineko agintariek erorikoak %66 gutxitu beharko liratekeela kalkulatu dute. Jaitsiera honek ezinezkoa dirudi epe motzean, baina urte batzuen buruan lortu dadin lanean ari gara mundu honetan sartuta gaudenok.

2014(e)ko maiatzaren 8(a), osteguna

Erorketak ebaluatzeko hainbat jarraibide

89 urtetik gorakoekizaten dituzten erorketek arrazoi gehiagozituztela uste zen, endekatzea handiagoa baita. Hala ere, ikusi zuten hau ez zela horrela, aldagai berdinak baitira, aldatzen den bakarra ekintzaren intentsitatea dela, alegia (Formiga, Ferrer et Duaso, 2006).
Erotzen direnen artean, eta sailkapen hau berria bada ere, bi ikasle mota bereiztu ditzakegu horrelako programetan. Alde batetik antsietatedunak daude, zeintzuk beldur handiagoa dutenez ariketa fisikoa mugatzen duten, erortzeko arriskuak areagotuz; eta bestetik, estoikoak ditugu, eroriko ez diren konfiantza dutenez ariketa fisiko gehiago egiten dute eta beraien gorputzen egoera onak erorketak ekiditen ditu. (Delbaere, 2010)

Ikusten denez, erorketen ebaluazioa eta pertsonaren balorazioa ere ez da lan samurra, eta gauza asko hartu behar dira kontutan

Montserrat Lazaroren (Lázaro, s.d.) artikulu luze eta zehatz batetik hartu dugu ondorengo informazioa: gaur erorketen eta erortzen denaren balorazioa izango dugu hizpide.
Ezer baino lehen, erortzen den pertsona batengan hiru gauza aztertu behar ditugu:
  1. Erorketaren ondorioak eta arrisku-faktoreak
  2. Erorketa gehiago izateko arriskua
  3. Erorketa baten ondoren lesio larriak izateko arriskua

Hezur osasuntsu eta indartsu batzuen alde

Barkamena eskatu behar dizuegu, lehenik eta behin, dokumentu honen errefrentzia galdu dugulako, baina interesgarria iruditu zaigu informazio hau partekatzea. Oraingo sarrerak hezurren apurketa du ardatz.

Esaterako, 50 urtetik gorakoen artean hezur asko eta asko erorketen ondorioz apurtzen dira, emakumezkoen %50a eta %22a gizonen kasuan, hain zuzen ere.

Aldaken apurketa izan ohi da larriena eta beldurgarriena, adinekoen %20a berehala hiltzen baita eta %33a urte batera. Apurketa mota honek adinekoen %67an du eragina, horietatik herenak laguntza behar dute hortik aurrera bizitza aurrera eramateko, %20a ondo jartzen da denbora tarte ezberdin baten ostean eta erdia erresidentzia batera doa.

Urtero 50000 aldaka apurtu ohi dira Espainian, ospitaleetako %28a eri hauek hartzen dituztelarik.

Hezurren hauskortasunak hiru arrazoi izan ditzake. Lehenik eta behin, eskeletoa ondo ez eraikitzea litzateke, arazoa atzetik datorrelarik. Bestalde, hezur kopurua eta kontzentrazioaren galera legoke, izan ere, adinarekin eta azalpen asko tartean direla hezurrak izugarri ahultzen baitira. Bukatzeko, hezurrak ondo osatzeak ere zeresana eman lezake gaitz honetan.

Apurketak ekiditerako orduan, hezurren berregitea (remodelado óseo) izeneko prozesu metabolikoa eta dietan 500-2000 mg kaltzio inguru sartzea funtsezkoa litzateke. Azken honen harira, kaltzioak hezurren jaitsiera galarazten du, xurgapena handituz doanez hezurrak indartu egiten baitira, baita D bitaminari esker, hein batean.

Hidratazioa hizpide (III)

Aurrekoa

Hidratazioarekin jarraituz, SEGG erakundearen praktika onen gida bat hartuko dugu kontuan, gaiaren inguruan are eta gehiago janzteko.

2003ko bero-olde izugarriak, zeinetan, gogora dezagun, Europa osoan zehar jende asko zendu zen, inflexio-puntua ekarri zuen gurera, batik bat hainbeste agure deshidratatuta hil ziren arte ez baitzen ezer egin. Adinekoek zigor handi xamarra izan zuten, baina ulertzekoa da zergatia, izan ere, orokorrean gure ur kontzentrazioa %75ekoa bada ere, 65 urtetik gorakoen kasuan %65a baita (Casado, Garea, Gil, Moreno, Ramos eta Rodríguez, 2011). Galera hau ehun muskularraren galtzeak dakar, eta hau, halaber, hezur, gantza eta lotura ehunak galtzeak.

Lehenago ere aipatu izan dugu urik gabe aste batean hilda geundekeela, baina jakirik gabe hilabete bizitzeko gai izango ginatekeela. Bada, uraren funtzioei so eginez gero, ulergarriagoa da baieztapen ‘bitxi’ hori. Urak fluido organikoak garraiatzen ditu, ehun eta artikulazioen lubrikantea da, zelulen metabolismoa ahalbidetzen duena, termoerregulatzailea, infekzioen aurrean babeslea, eta gainera, erreakzio kimiko guztiak gerta daitezen beharrezko baldintza. Ez da gutxi.

Hidratazioa hizpide (II)

Aurrekoa                                                                                                                          Hurrengoa

 
Hidratazioarekin hasi ginen moduan, jarraipena emango diogu azpigai bitxi batekin: garagardoaren garrantzia, hain zuzen ere.

Likido faltak edo desnutrizioak dakartzan gaitzez gain, botakak eta diarreak ere ohikoak dira, zeintzuk momentu horretan bertan 600 mL edanez ‘ahaztu’ daitezkeen (MARTÍNEZ, s.d. .-a-). Egoera hauetan edo ondo gaudenean ere, komenigarria da ura noiznahi edatea, egarrik ez badugu ere, ur faltak heriotza eta gaixotasun ugari ekarri baititzake

Gure gorputzaren homeostasia, hau da, barneko oreka, ur eskasiak apur lezake, beraz, oreka hidriko hori berreskuratzeko galdutakoa halako 1,5 berreskuratu beharko dugu uraz gain beste likido batzuekin. Hala ere, galdutakoa gure ehuneko portzentaiaren %2a baino gutxiago bada, ura soilik edatearekin nahikoa da (MARTÍNEZ, s.d. .-a-).

Garagardoa mundu osoan zehar da ezaguna, toki askotan bakoitzak edari preziatu hau egiteko modu propioa duelarik. Hain zen ezaguna lehen, ezen garagardoaren kontsumoa ardoarena baino askoz handiagoa zen (MARTÍNEZ, s.d. .-b-).

Baina garagardoari atxikitzen diogun funtzio ‘alkoholikoa’ eta freskagarriaz gain ura lortzeko bide eraginkorra da, % 92a ura baita. Horretaz aparte, Potasioa, Fosforoa, Kaltzioa, Sodioa, Magnesioa eta B bitaminak ere baditu bere baitan, oso edari interesgarria eta komenigarria (MARTÍNEZ, s.d. .-b-), honenbestez. Zaporea, ostera, lupuluak ematen dio.

Dena den, gazteek ez dute beren bertuteez gozatzeko aukerarik, neurriz kanpo edateak osagai hauek sabela azkarrago uztea baitakar. Honen harira, gakoa tripa uzten duen abiadura da, kantitatea baino gehiago.

Edadetuek hobeto edaten jakingo ahal dute!



Bibliografia

MARTÍNEZ, JR. La hidratación y la cerveza [linean].Sociedad Española de Dietética y Ciencias de la Alimentación (s.d. a). [Kontsulta: 2012-05-12]. http://www.cervezaysalud.es/pdf_actualidad_novedades/Guia_hidratacion_y_cerveza_98.pdf

MARTÍNEZ, JR. La hidratación en los mayores [linean]:
La cerveza como bebida hidratante. Sociedad Española de Dietética y Ciencias de la Alimentación (s.d. b). [Kontsulta: 2012-05-12]. http://www.cervezaysalud.es/pdf_actualidad_novedades/Manual_Cerveza_hidratacion_mayores_102.pdf

Hidratazioa hizpide (I)

                                                                                                                                              Hurrengoa

Honako artikulu honek, aurreko gai guztiak alboratu (baita erorketak ere) eta hidratazioa izango du hizpide, izan ere, kontutan hartu beharreko gauza oso garrantzitsua da, haren faltak osasun arazo andana ekartzen baititu. Larria da arazoa, are gehiago bi herenek hidratazio onik, hau da, egunero 2 L ur edatea (ESADE, 2010), ez dutenean.

Gabezia horren atzean aldaketa fisikoak daude, eta honekin batera eraldaketa horien eragile diren ohitura aldaketak. Izan ere, adinarekin pisua eta tamaina aldatzen da, baita gorputz osaketa ere; egarriaren sentimen guneak, erantzun inmunologikoak, kontrol mekanismoak eta liseriketa aparatuak behera egiten dute, eta horretaz gain, karbohidratoenganako intolerantzia hazten da.

Honek guztiak bere eragina du gorputzarengan, deshidratazioa 65 urtetik gorakoen ospitaleratzeen arrazoien artean Top10ean baitago (ESADE, 2010).

Estatu Espainiarrean egindako ikerketa baten esanetan, bataz beste 1791 mL (ez da nahikoa edaten, hortaz) edaten dira egunero, kontsumoa adinarekin jaisten delarik eta neskek mutilek baino gehiago edaten dutelarik. Urari dagokionez, 1082 mL soilik hartzen dira, eta lehen aipatu dugun adin-tarteei dagokionez, 50-59 adin-tartetik 60-69 adin-tartera dagoen ezberdintasuna itzela da (ESADE, 2010), asko jaisten baita.

Erorketak ekiditea gure oinetan dago

“Podiatry support crucial to prevent falls” (Spink, 2011)



Urteak joan ahala, erorketei buruz dugun informazioa gero eta handiagoa da, eta horrela jarraitu beza!

Horregatik, oinen egoerak erorikoetan zuen zeresan esanguratsua jakitean ere ez ginen gehiegi harritu, baina bai, ordea, poztu. Izan ere, informazioak aukerak ematen dizkigu, erorketak ekiditeko aukera.

Gehiegi ikertu ez diren arren, Australiako ekidite programa batzuek bide hau ireki dute azkenaldi honetan, jakinda erorketak izateko faktore askok hartzen dutela parte, jokalariak ezagutu beharko, ezta?

Ikusi da oinazpiko flexio indarrak eta orkatilaren inbertsio/ebertsio mugimenduek oreka eta abilezia funtzionala baldintzatzen dituela.

Halaber, oinetako minak bizi-kalitatea mugatzen du, baita gaitasun funtzionala ere, eta gutxi balitz, alterazioak sor ditzake gure gorputzean. Bada, aipatutako ezaugarri hauengatik eroriko kopuruak gora egin dezake.

Prebentzioaren garrantziaz

Honako sarrera motz honetan, Confederación Española de Organizaciones de Mayores (CEOMA) delakoak kaleratu zuen prebentzioa sustatzeko txostenetik pare bat ideia hartu ditugu, gripeari eta riketa fisikoari bruuzkoak, hain zuzen ere.

Izan ere, gripea gizartearen osasun mehatxuetako bat izan ohi da, eta urtero-urtero gainera, ez baitu inoiz hutsik egiten. Bere behin-betiko presentziaren arrazoia birus honek jasaten duen mutazioa da, eta sintomak diren mukiak, eztula, sukarra eta abarrekoak likido ugarirekin, elikadura onarekin, lasaigarriekin eta beharrezkoa bada medikuaren laguntzarekin lurperatu daitezke. Gainera, eta kontuan hartuz gripearengatik hiltzen diren %90a 65 urtetik gorakoak direla (CEOMA, s.d.), urtero hartu behar den bakunak, eskuak ondo garbitzeak eta higieneak garrantzia handia dute adin-tarte honetan.

Bestalde, ariketa fisikoa asko jaisten da adinean gora goazen heinean, baina honi aurre egin behar zaio, soberan ezagunak baitira kirolak dituen onurak. Adin hauetan, aktiboak izan beharko dira, oinarrizko ariketak egingo dituzte eta entrenamenduak eta aisialdiak uztartuko dituzte. Sedentarismoaren mamua desagerrarazi beharrean gaude.

Udaletxe, erakunde eta osasun zerbitzuek hainbat eta hainbat kanpaina egiten dituzte, baina gogoratu, kanpaina eraginkorrena zeuen etxeetan eta zuengandik hasita egiten direla.

Bibliografía


CEOMA: Consejos Prácticos de Prevención para Personas Mayores.(s.d.) [Kontsulta: 2012-05-12] http://www.medicosypacientes.com/files/prensa/adjuntos/CONSEJOS_PRACTICOS_CEOMA_pp.pdf